Anaitasuna mendi bazkunak Betelura egingo du mendi irteera hilaren 19an

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 7a, 09:48

Aralarko parke naturala. (Turismoa Euskadi)

Guztira, 25 kilometro eta 1.700 metroko desnibel positiboa duen bidea egingo dute mendizaleek Amezketatik Betelura bitartean, Aralar inguruan zehar. Irteeran parte hartzeko, izena eman beharko da.

Anaitasuna mendi bazkunak Betelura (Gipuzkoa) egingo du irteera uztailaren 19an, larunbatez. Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoan barruko ibilaldia egingo dute egun horretan herriko mendizaleek; 25 kilometro eta 1.700 metroko desnibel positiboa duen bidea egin beharko dute.

Irteera egunean, 07:00etan abiatuko dira mendizaleak Aizkibel liburutegiaren alboko geralekutik. Handik Amezketara (Gipuzkoa) egingo dute bidaia; izan ere, handik abiatuko dira Betelura arte dagoen bidea egitera. Itzulera ordua, berriz, 17:00etarako zehaztu dute; Betelutik bertatik itzuliko dira mendizaleak herrira. Mendi taldeak adierazi duenez, ibilbidea "gogorra" da, eta tarteka, "leku teknikoak" ditu. 

Irteerari lotutako bestelako ohar batzuk ere eman ditu, ordea, Anaitasuna mendi bazkunak. Batetik, parte hartzaileek beraiek eraman beharko dituzte janaria eta edaria. Era berean, Betelun dauden putzuetan bainua hartzeko aukera ere izango dute mendizaleek, baina bainurako arropa ere bakoitzak eraman beharko du berea. Halaber, mendian federatuta ez daudenek istripu baten aurrean asegururik ez dutela izango ere gogorarazi du Anaitasunak. Adin txikikoek, berriz, heldu baten laguntzarekin egin beharko dute ibilaldia.

Irteeran parte hartzeko, izena eman beharko da, eta Anaitasunak zabaldu du horretarako aukera –honako galdetegi hau bete beharko dute interesa dutenek–. Izen-ematea banaka egin beharko dute partaideek; Anaitasunako bazkideek 15 euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek, 20 euro. Ordainketa galdetegian zehazten den kontu korrontera egin beharko da transferentzia bidez, eta behin egindakoan, ziurtagiria bidali beharko da anaitasunamb@gmail.com helbide elektronikora partaidearen izen-abizenak zehaztuz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide