Isilune Zirkuluak ikasturteko azken elkarretaratzea egingo du bihar, osteguna. Opor aurreko azken elkarretaratzea izango da haiena, "indarrak bilduz", irailean beren jardunari "berriro gogoz ekiteko". Ohi bezala, herriko plazan elkartuko da zirkulua, baina bihar 19:00etatik 20:00etara bitartean egingo dute elkarretaratzea, eta besteak beste, hitzartzeak, olerkiak, abestiak zein isiluneak izango dira. Amaieran, berriz, mokadutxoa egiteko aukera eskainiko dute.
Zirkulua bost elkartek osatzen dute egun: Gernika-Palestina taldeak, Darahli elkarteak, Marea Urdina elkarteak, Loiolako Jesusen Lagundiak eta Azkoitiko Parrokiak. 2023ko abenduaren 21ean ekin zion zirkuluak bere jardunari Azkoitian, eta orduz geroztik, hileko hirugarren ostegunetan plazan elkartu ohi dira, "giza eskubideen urraketak" salatzeko eta "gizatasuna plazara" ateratzeko.
Mobilizazioa antolatu ohi duen taldeak hitzartze bat egin ohi du elkarretaratzearen hasieran eta amaieran; bien bitartean, berriz, plazari itzuliak eman ohi dizkiote isiltasunean. "Helburua da gai baten inguruan kontzientzia hartzen joatea eta inguruan zer gertatzen den barneratzea; non murgilduta gauden jakitea, gizarteari oihu eginez. Bizitzen ari garen larritasun handiko egoeren aurrean, izan gaitezen aldaketa txikien ekintzaile", adierazi dute.
Isiltasunak "pertsonak lotzen" dituela sinesten dute zirkuluko kideek. "Borondate oneko pertsona guztien eskura dagoen ekintza da", adierazi dute, Isilune Zirkuluari erreferentzia eginez. Aurten, besteak beste, bakearen, Sahararen, etxebizitza eskubidearen, gazteriaren, zaintzaren eta Palestinaren aldeko aldarriak eraman dituzte plazara, baita gehiegizko kontsumismoaren aurkakoak ere.