Erretratua

Unax Andueza: "Estropadetan inoiz ez naiz konforme gelditzen egindakoarekin"

Naia Arrizabalaga 2025ko abu. 10a, 09:53

Unax Anduezaren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Udako beroak hartu ditu herriko kaleak, eta hondartzara zuzenduko du norantza zenbaitek eguzkiaren izpiak aprobetxatzeko asmoz. Negutik dago udaren zai Unax Andueza arraunlaria. Aurten estreinakoz arituko da Ondarroako taldean, orain artean Zumaiako Telmo Deun taldean zein Orion aritu ostean. Kirolerako grina txikitatik izan du barruan, eta hainbat probatu izan ditu. Uztaileko Azkoitia Guka aldizkariko Erretratua da honako hau. 

Haurtzaroan ekin zion Unax Anduezak (Azkoitia, 2003) kirol mota desberdinak probatzeari: "Futbolean aritu nintzen, baita pilotan ere; aitona pilotaria zen, eta haren pausoak jarraitzeko asmotan-edo hasi nintzen horretan". Baina ez batak eta ez besteak ez zuten behar beste ase azkoitiarra. 12 urterekin, berriz, zortzi lagunek Zumaiako Telmo Deun arraun elkartera jo zuten, arrauna zer zen probatzeko asmoz, haietako baten anaia han aritzen zela eta; izan ere, pauso hori "bakarrik" ez zukeela emango dio azkoitiarrak. Gogoan dauka, amari arraunean hastekoa zela esan zionean, hark "lehor-lehorrekoak" izanda harriduraz hartu zuela semearen afizio berria, baina ordutik gurasoek "asko lagundu" diotela argi dauka arraunlariak. Hasieran, kirolaren inguruan ezer gutxi zekiela onartu du, baina gustukoa bihurtu, eta azkenean hamar denboraldi osatu ditu arraunean, kategoria desberdinetan. Zumaiako uretan eman zituen lehen arraunkadak: jarduera gogorra bazen ere, kirola lagunartearekin lotzen zuela adierazi du, eta entrenatzaileekin zeukaten tratua ere "sekulakoa" zela azpimarratu.

Hala ere, arraunak, haren esanetan, diziplina handia edukitzea eskatzen du, eta hori ongi frogatu du Anduezak azken urteetan. Gaur egun, Arkitektura Teknikoa ikasten du Donostian, eta egunerokotasunean kirola ikasketekin uztartu behar izaten du. Elikaduran zein osasunean ere eskatzen dio arraunak esfortzurik, tartean pisua neurtzen baitiete, baita aldaketak egiteko eskatu ere: "Denboraldia hasi baino lehen, bete beharreko pisu bat jartzen digute helburu gisa, eta horra egokitzen gara mediku baten laguntzaz". Kirol horretan aritzeak azarotik irailera arteko egunerokotasuna erabat baldintzatzen die arraunlariei, besteak beste, astean sei aldiz entrenatu behar izaten dutelako eta horrek haien bizitza sozialean zuzenean eragiten duelako: "Azkoitiko lagunekin ez naiz asko egoten, taldekideak bihurtu dira nire egunerokotasuneko lagunak", azaldu du. Zentzu horretan, arraunlariak azpimarratu du orain arte aritu den talde guztietan egindako harremanak "oso onak" izan direla. 

Diziplinak diziplina, harentzat arraunaren alde onena "lehia" da, eta ildo horretan, oso lehiakorra dela aitortu du: "Estropaden ostean inoiz ez naiz konforme egoten, beti baitago zerbait gehiago egitea". Arraunari lotuta dituen lehen oroitzapenek ere lehia kutsua dute, betidanik ikusi baitu Kontxako Bandera telebistaz. Lehiari ematen dion garrantzia ikusita, nabarmentzekoak dira lortu dituen garaipenak; Zumaian "lagunekin" lorturikoak, besteak beste. Orioko gazteen mailako taldean egindako denboraldia ere "berezia" da Anduezarentzat: "Elkarrekin aurretik batera inoiz aritu gabe geunden traineru berean lehiatzen ginenak, eta asko ikasi genuen; asko espero gabe, asko lortu genuen".

Lehen mailan, lehen aldiz

Zumaiatik Oriorako saltoa gurasoek bultzatuta egin zuen: "Ez naiz pertsona irekia eta beldur nintzen nola moldatuko nintzen klub berriko taldekideekin, baita entrenamenduetan ere". Gainera, Orioko hastapena COVID-19aren izurriak erabat baldintzatu zion Anduezari: lehenengo hilabeteetan etxean bere kabuz entrenatu beharra izan zuen, eta konfinamenduaren ondorioz, ergometroa erosi ere egin zuen, gaur egun ere baliatzen duena etxean entrenatzeko. Pandemia garaia ez zen oztopo bakarra izan, ordea: izan ere, adin txikikoa zenez –17 urte zituen–, gidabaimenik ez zuen Oriora autoz joan ahal izateko, eta trena eta autobusa uztartu behar izaten zituen horretarako. Hala ere, 2020tik 2024ra arte, "asko ikasi" zuen, eta inoiz probatu gabeko jarduerak probatzeko tartea ere izan zuen, aulki mugikorreko modalitatean ere aritu baitzen, besteak beste.

Iazko denboraldia amaitu bezain laster, berriz, Orioko klubean egongo ziren aldaketen inguruko zurrumurruak zabaltzen hasi ziren, azkoitiarraren hitzetan: "[Iker] Zabala entrenatzaile izango zenaren zurrumurruak hedatu ziren, eta gogoa neukan harekin lan egitea zer zen probatzeko, baina, bestalde, lehen mailatik urrun ikusten nuen nire burua". Hala ere, bertan geratzeko asmoarekin jarraitzen zuen Anduezak, harik eta oporretan zegoela jaso zuen dei batek haren asmo guztiak erabat aldatu zituen arte: "Ondarroatik deitu zidaten, eta lehen mailako taldean aritzea proposatu zidan klubak; orduan, ez nuen bi aldiz pentsatu ere egin, eta baietza eman nuen". Iazko azaroan hasi zen bertan entrenatzen, eta gaur-gaurkoz, "inolako damurik ez" duela nabarmendu du arraunlariak, oso gustura baitago. Beste talde guztietan bezala, astean sei aldiz entrenatzen dute han ere, eta entrenamendu bat etxean egiten du.

Udara begira, bestalde, helburuak finkatuta dauzka azkoitiarrak, eta taldeak lortzen duena "dena emanda" erdietsi nahiko luke hark; hau da, maila erakutsita. Kontxako Banderara sailkatzea "amets bat" litzateke harentzat, txikitatik jarraitu baitu estropada hori. Arraun denboraldia irailean amaituko dute, baina orduan ere kirola ez du albo batera utziko azkoitiarrak, Donostia-Behobia lasterketan parte hartu eta aurreko urteko marka hobetzea nahi baitu: "Astean zehar astero entrenamenduak izatetik ezer ez egitera pasatzea ez dut ondo eramaten".

Arrauna kostaldean praktikatzen den arren, kirol horrek Azkoitian ere izan du indarrik, Anduezaren arabera, nahiz eta azken urteetan ahuldu egin den. Hala ere, arrauna azkoitiar zein azpeitiar "askok" probatu dutela aipatu du hark. Bera hasi zenean, zortzi lagun animatu ziren arrauna probatzera, baina orduko talde hartatik Manex Unanuek eta Anduezak berak bakarrik jarraitzen dute kirol horretan. Eta Anduezak argi du: oraingoz, behintzat, ez du uzteko asmorik. 

(Argazkiak: utzitakoak eta 'traineras.es')

Motzean: 

  • Adina: 22 urte.
  • Ikasketak: Arkitektura Teknikoa.
  • Lanbidea: obra zuzendaria.
  • Arraunlaria ez banintz… korrikalaria izango nintzateke.
  • Denboraldia amaitzean… Donostia-Behobiako marka hobetu nahiko nuke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide