Anaitasuna mendi bazkunak Pirinioetara beste irteera bat egingo du datorren hilean, eta hara joan nahi duenak ostirala izango du izena emateko azken eguna. Internetez eman behar da izena, lotura honetan.
Abuztuaren 8tik 12ra bitartean egingo dute irteera, eta egun horietan Tres Refugios ibilbide zirkularra osatuko dute etapaz etapa: abuztuaren 8an Benasquera joango dira, bertan autoak utzi eta lau etapatako ibilbideari ekiteko. Lehen egunean, Benasque eta Estos lotuko dituzte –11,38 kilometro eta 1.068 metroko desnibel positiboa–; bigarren egunean, Estos eta Viados artekoa egingo dute –14 kilometro eta 1.200 metroko desnibel positiboa–; hirugarren etapan, Viados-Angel Orus egingo dute –11,29 kilometro eta 1.169 metroko desnibel positiboa–. Gainera, hirugarren etapa horretan Posets mendira igotzeko aukera izango du nahi duenak. Azken etapan, berriz, Angel Orus eta Benasque lotuko dituzte –19,64 kilometro eta 1.535 metroko desnibel positiboa–. Azken gaua Benasquen igaroko dute mendizaleek, eta abuztuaren 12an Azkoitira itzuliko dira.
Irteerara joateko beharrezkoa da mendian federatuta egotea. Elkarteko bazkide direnek 200 euro ordaindu beharko dute, eta gainontzekoek, 250 euro. Horiek guztiek prezioaren barruan izango dituzte kotxez egingo duten bidaiaren gastuak, aterpetxetako afaria, gaua eta gosaria; bazkariak, beraz, norberak eraman beharko ditu.