Korapiloa

Amak

Ihintza Elustondo 2025ko uzt. 26a, 08:59

Ihintza Elustondo kazetariak ekaineko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Amak.

Korapiloa idaztea tokatzen zaidan egunotan eztarrian korapiloa dut.

Lagun baten ama joan zaigu, eta haren lekuan neu egon nintekeela pentsatu dut nahi gabe.

Ama izango garen ez dakigun arren, beti gatoz ama batengandik, ama batek sortu gaitu, ama batengatik gara.

Eta amak dira bizitza guztian baldintzarik gabeko maitasuna eskaintzen digutenak, beste inork egiten ez dituen gauzak egiten dituztenak.

Amak dira nonbaiteko mina dugunean zer hartu behar den esaten digutenak, gaizki gaudenean ohean gure ondoan sartzen direnak, "sufrimendua ahal dela saihestu egin behar da" esan gabe irakasten digutenak.

Hozkailua hutsik dugunean bazkaria ematen digutenak, bazkaltzera ez goazela esan badiogu ere, "guretzako arrain hau handiegia da" erantzuten digutenak.

Amak dira bizitza guztian baldintzarik gabeko maitasuna eskaintzen dutenak

Argaltzen ari bagara bi platerkada prestatzen dizkigutenak.

Sobratzen baldin bada tuperra ematen digutenak.

Platera beti prest izaten dutenak.

Amak dira garbigailua zer tenperaturatan jarri behar den esaten digutenak, sukaldeko altzaria zer produkturekin garbitu behar den dakitenak, guk garbitzen asmatzen ez duguna garbitzen beti asmatzen dutenak.

Unibertsitateko titulua non dagoen ez dakigunean berehala topatzen dutenak.

"Ni joan eta topatzen baldin badinat..." esaten dutenak.

Amak dira nekatuta bagabiltza bitaminak erosten dizkigutenak, estresatuta bagabiltza gauzak lasai hartzeko aholkua ematen digutenak, triste bagaude paseo bat ematea gomendatzen digutenak.

Emozionalki nola gauden beti-beti asmatzen dutenak.

Ezer ez esanda ere, ezer esan gabe ere.

Amak dira bilera inportante samar batean egonda ere arrandegian antxoa ederra dagoela esanez deitzen dutenak.

Balkoiko loreak ihartzen ari zaizkigula gogorarazten digutenak.

Etxeko eta bizitzako loreak ureztatzen irakasten digutenak.

Batzuetan gure onetik ateratzen gaituztenak, baina dena gure hobe beharrez egiten dutenak.

Askotan beren burua bizitzako bigarren eskaileran kokatzen dutenak, baina gurea aurrenekoan jartzen dutenak.

Amak dira bizitza eman digutenak, bizitzen irakatsi digutenak.

Amak dira bizitza merezi dutenak, eta bizitza galtzen dutenean ere, gu maitatzen jarraituko dutenak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide