Ibaiondo kalean lapurretekin adi ibiltzeko deia egin du Azkoitiko Udalak. Kale horretako hainbat bebarruren atarietan jarri ditu erakundeak bandoak, herritarrei lapurreta saiakeren berri emateko.
Ohar horietan irakur daitekeenez, inguruko etxebizitza batzuetako ateetan bizilagunak etxean edo kanpoan diren jakiteko lapurrek erabiltzen dituzten markak edo arrastoak agertu dira; silikonazko hari mehe moduko batzuk, hain zuzen ere.
Horregatik, kalean pertsona edo ibilgailu susmagarririk ikusiz gero edo etxebizitzetako ateetan silikonazko markak atzemanez gero, Udaltzaingora deitzeko deia egin du udalak: 943-85 71 71 da Azkoitiko Udaltzaingoaren telefono zenbakia. Halaber, etxeko atea giltzaz ixteko ere ohartarazi du erakundeak.