Martxan da Gipuzkoako gastronomian aritzen diren belaunaldi berriak saritzea xede duen Gastronomika Talent sarien aurtengo edizioa, eta epaimahaiak hala erabakita, eskualdeko hainbat sukaldari daude hautagaien artean. Sukaldari onenaren saria eskuratzeko hiru hautagaietako bat da, esaterako, Jokin Larrañaga Donostiako Astelena 1997 jatetxeko sukaldari azkoitiarra.
Larrañagarekin batera, Tolosako Ama jatetxeko Javier Rivero zein Gorka Rico eta Donostiako Kai Sushiko Sebastian Pincheira daude 2025. urteko Gastronomika Talent saria lortzeko hautagaien artean.
Hilaren 16an banatuko dituzte sariak Donostiako Maria Cristina hotelean, eta han izango dira hautagai guztiak. Aurtengo epaimahaia Elena Arzak, Martin Berasategi eta David de Jorge sukaldariek osatu dute, Mikel Ubarretxena Gipuzkoako Ostalaritzako presidentearekin, Basque Culinary Centerreko zuzendaritzako kide Idoia Callejarekin nahiz Guille Viglione gastronomoarekin batera.
Eskualdeko gehiago
Larrañagaz gain, saria lortzeko hautagaiak dira Urola Kosta eskualdeko sukaldari eta jatetxe gehiago ere. Produktuaren trataeraren sarirako hautagaiak dira, esaterako, Zarauzko Masta tabernako Javier Ochoa, Garikoitz Arruabarrena zein Judit Ayago eta Zumaiako Muina tabernako Rocio Maeso, Ander Rodriguez, Amaia Rodriguez nahiz Mikel Toledo.
Horiez gain, parrillero onenaren saria eskuratzeko hautatutakoen artean dago Getariako Elkano jatetxeko Koldo Manterola; harekin batera izango dira saria eskuratzeko lehian Casa Julian jatetxeko Gabriel Sandoval nahiz Astigarragako Mendizabal jatetxeko Andoni Arranz. Gainera, jatetxe jasangarriaren saria lortzeko hautagaietako bat da Azpeitiko Mendizaliek; Nahia Plazaola eta Julen Berrondo daude saria eskuratzeko hautagaien artean. Haiekin daude hautatuta Ormaiztegiko Kuko jatetxea zein Hernaniko Errioguarda Enea.