Santurtzik irabazi du 43. Azkoitia Hiria Xake Txapelketa

Andoni Elduaien 2025ko eka. 29a, 17:56

Santurtzikoek 6,5 puntu atera dizkiote bigarren sailkatu den Barakaldoko (Bizkaia) taldeari, eta 9,5 puntuko errenta Villabonako (Gipuzkoa) taldeari. Santurtzikoek, gainera, beren taulako jokalari onenen sariak ere eskuratu dituzte gaur, Azkoitian. Anaitasuna-Kakute klubeko talde bat, gainera, hirugarren postutik puntu erdira baino ez da gelditu.

Santurtziko (Bizkaia) talde batek irabazi du gaur, igandea, Azkoitiko Anaitasuna-Kakute xake taldeak antolatutako 43. Azkoitia Hiria Xake Txapelketa, Joxe Azkueren Oroimenezkoaren 14. aldia. Nagusitasun osoz nagusitu da Curielek, Santosek eta Zubizarretak osatutako hirukotea.

Santurtzikoek 6,5 puntu atera dizkiote bigarren sailkatu den Barakaldoko (Bizkaia) taldeari –Urbietako, Virtok eta Ramosek osatu dute–, eta 9,5 puntuko errenta Villabonako (Gipuzkoa) taldeari –Guijarrok, Iraolak eta Fuentek osatu dute taldea–. Santurtzikoek, gainera, beren taulako jokalari onenen sariak ere eskuratu dituzte gaur, Azkoitian.

Guztira, hogei taldek parte hartu dute txapelketan, Mikel Almansa epaileak zuzenduta: Martintxo (Araba); Bizkaiko Barakaldo, Jokin Erdotzia, Santurtzi, Zaldi Baltza eta Zornotza; Gipuzkoako Villabona, Beraun Bera, Eibar, Gros, Hondarribia-Marlaxka, Neskak nahiz Xaputarrak eta Anaitasuna-Kakute taldeko A, B, C, D, E zein Anaineskak taldeak; eta Liendo (Kantabria, Espainia). Anaitasuna-Kakuteko ordezkarien artean, Valor, Fernandez eta Larrañaga aritu dira ondoen; hirukote hori podiumera sailkatzetik puntu erdira baino ez da gelditu. Gainerako taldekideek sailkapenaren erdialdeko postuak erdietsi dituzte.

Ohi bezala, Joxe Azkue zenaren emazteari eta haren etxekoei omenaldia egin dio Anaitasuna-Kakute taldeak, lore sorta bat eskainiz. Dena den, duela gutxi zendu den Goierri taldeko Julen Albisu zenaren omenezko minutuko isilunea ere gorde dute parte hartzaile guztiek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide