Donostia Ospitalera joateko zuzeneko autobus zerbitzua jar dezatela eskatzeko sinadura bilketa hasi zuen atzo, ostirala, Doako parkinga denontzat izeneko plataformak. Plataformako kideek mahaia jarri zuten herriko plaza nagusian. Kalean zebiltzan hainbat eta hainbat lagunek eman zioten babesa ekimenari; izan ere, dagoeneko ehunka sinadura bildu dituztela azaldu zuten plataformako kideek.
Talde horrek ohar bidez azaldu duenez, Donostia Ospitalean gero eta zailtasun handiagoak daude autoak aparkatzeko, eta, ondorioz, asko dira egunero dagokien ordua baino askoz ere lehenago joan behar duten langileak, kontsultak galtzen dituzten pazienteak eta senitartekoak bisitatzeko ordainpeko aparkalekuan "diru kantitate handia" uzten duten pertsonak. "Egoera jasanezin" horri konponbidea eman asmoz ari dira sinadurak biltzen Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan.
Hasiera batean sinadurak egiteko aukera anbulatorioan ere izango zela adierazi zuten arren, plataformakoek esan dute han ez dietela horretarako aukerarik eman, eta beraz, kalean jarraituko dutela herritarren atxikimenduaren bila. Hori horrela, datorren zapatuan, uztailak 5, eliz atarian izango dira plataformakoak, eguerditik aurrera.