Mikel Arzalluz futbolariak Amorebietan jokatuko du datozen bi denboraldietan

Andoni Elduaien 2025ko eka. 25a, 12:47

Mikel Arzalluz, Gernikan. (Gernika Club)

Azken bi sasoiak Gernika taldean egin ditu Arzalluzek, baina datorren denboraldian Amorebietan arituko da hura, Espainiako Bigarren RFEF Mailan. Gernika taldeko goleatzaile nagusia izan da azkoitiarra azken bi denboraldietan.

Mikel Arzalluz futbolariak (Azkoitia, 1995) Amorebieta futbol taldean jokatuko du 2027. urtera arte. Amorebietako (Bizkaia) futbol klubak gaur, asteazkena, egin du ofizial Arzalluzen fitxaketa, eta beraz, hura Aitor Zulaika entrenatzaile azpeitiarraren aginduetara ariko da datorren denboraldian Espainiako Bigarren RFEF Mailan; izan ere, Amorebietak duela gutxi egin du ofizial azpeitiarraren fitxaketa ere. 

Arzalluz Gernika futbol taldean aritu da azken bi denboraldietan; hango taldean osatu dituen bi sasoietan, zortzina gol eta launa asistentzia eman ditu Arzalluzek. Orain, Gernikatik Amorebietara emango du pausoa. Espainiako Bigarren RFEF Mailan lehiatuko da Amorebieta datorren denboraldian. Hain zuzen ere, bi urtez jarraian maila galdu duen taldean jokatuko du Arzalluzek. Bigarren Mailan jokatzera iritsi zen Bizkaiko taldea 2023-2024 denboraldian. Sasoi horren bukaeran maila galduta, Lehen RFEF Mailan jokatu du joan den sasoian, baina maila horri ere ezin izan dio eutsi.

Arzalluzek, guztira, 125 partida jokatu ditu Espainiako Bigarren RFEF Mailan, 30 gol erdietsiz. 2021-22 denboraldian jokatu zuen estreinakoz azkoitiarrak maila horretan, Azkoitiko Anaitasunatik Getxoko (Bizkaia) Arenas taldera joan zenean; 34 partida jokatuta, lau gol egin zituek hark Arenasekin. Denboraldi horren amaieran, berriz, Asturiasko Langreo taldeak fitxatu zuen Arzalluz, eta han hamar gol egin zituen 32 partidatan. Langreotik Gernikara jo zuen hark gero, eta orain, Gernikatik Amorebietara. Urritxe futbol zelaian "momentu ederrak bizitzea" espero duela adierazi du futbolari azkoitiarrak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide