Bollo-trans bertso saio ibiltaria egingo dute bihar arratsaldean

Andoni Elduaien 2025ko eka. 26a, 09:00

Saioa Alkaiza izango da biharko bertsolarietako bat. (Bertsolari aldizkaria)

Miren Artetxe, Eli Pagola eta Saioa Alkaiza ariko dira bertsoan; hiru bertsolariek Xabier Etxaniz soinu jotzailea eta Uxue Kerejeta pandero jotzailea izango ditu bidelagun. 19:30ean hasiko da saioa, Elkargune ondoko Aita Madinabeitia plazatik. Gainera, udalak jakinarazi du irailean LGTBI+ pertsonen errealitatearen diagnostikoa egiteko lanketari ekingo diola.

Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da etzi, ekainak 28, eta LGTBI+ kolektiboen "eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko" asmoz, Bollo-trans bertso saio ibiltaria antolatu du udalak biharko, ostirala. 19:30ean hasita, bertsoak eta trikiti doinuak entzun ahal izango dira herrigunean zehar. 

Bertsotan Miren Artetxe, Eli Pagola eta Saioa Alkaiza bertsolariak ariko dira, eta Xabier Etxaniz trikitilaria zein Uxue Kerejeta pandero jotzailea izango dituzte haiek bidelagun. Elkargune alboko Aita Madinabeitia plazan jarri dute 19:30erako hitzordua, eta handik Plazaberrira abiatuko dira aurrena, gero ibilbidea herriko plazan amaitzeko. Dena den, udalak azaldu du euriaren kasuan bestelako ibilbide bat egingo dutela: alegia, Elkarguneko tuneletik Berdura Plazara zuzenduko dira, eta handik, Kontzejupera.

Gai-jartzaile batek lagunduta, LGTBI+ ikuspegia "oinarri" eta feminismoa "iparrorratz", askotariko gaiak aldarrikatuko dituzte bertsolariek. Hala, Bollo-trans bertso saio ibiltariarekin "gogoeta sorrarazi" nahi du udalak, "estereotipoak eta aurreiritziak umorez hautsi, oraingo diskurtsoak zalantzan jarri, eta, bereziki, primeran pasarazi, giro atseginean eta dibertigarrian".

Gainera, erakundeak jakinarazi du, udaleko Berdintasun sailak LGTBI+ pertsonen errealitatearen diagnostikoa egingo duela irailean hasita. "Helburua da diagnostikoa egin ondoren ekintza-plana lantzea, inork jasan ez dezan bere sexu-orientazioagatik edo genero identitatearengatik, ikusezintasunik, diskriminaziorik edo indarkeriarik", nabarmendu du udalak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide