Bihar, ostegunez, banatuko dituzte IV. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketako sariak, 19:00etan Elkargunean egingo duten ekitaldian. Jakinekoa da aurtengo saridunak nortzuk izango diren, eta horien artean, Iñigo Legorburu hernaniarrak jasoko du sari nagusia. Gainera, azken urteetan bezala, Hika bertso saioarekin batera banatuko dituzte sariak: aurten, Eneritz Artetxe, Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran eta Jesus Mari Irazu bertsolariak izango dira oholtza gainean, eta horiek hika arituko dira emanaldian bertsotan. Gai jartzaile lanetan, berriz, Haritz Alberdi arituko da. Sarrera irekia eta doakoa izango da.
Helduen mailan aurreneko saria eskuratu du Legorburuk, Elkar ezagutuz lanarengatik, eta bigarren saria jasoko du Juan Ramon Alberdi azkoitiarrak eramango du Justizia bertsoei esker. Maila horretan, Azkoitia sariaren jabe egingo da Naia Arrizabalaga Begi bustiei bertso sortarengatik.
Gazteen mailan, Oier Juaristi azkoitiarrak irabazi du lehenengo saria Gure euskara zaharra bertsoengatik. Maila horretan lan bakarra aurkeztu zenez, ez da beste saririk banatuko. Umeen mailan, bestalde, bertso-sorta onenaren saria Mikel Zabala errezildarrak eskuratu du Errezilen galduta lanarengatik. Saridun guztiek lehiaketara aurkeztu dituzten bertso sortak abestuko dituzte sari banaketa ekitaldian.
Udalak Hike eizan! lantaldearekin, Erniarraitz bertsozale elkartearekin eta Badihardugu euskara elkartearekin elkarlanean garatzen du hitanoa sustatzeko proiektua 2020tik.