Abuztuaren 13an, asteazkenez, Martin Baker organo jotzaile ingelesaren emanaldia izango da Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan (20:00). 86. Donostiako Musika Hamabostaldiaren Organo Zikloaren barruan eskainiko du Bakerrek kontzertua Azkoitian.
Widor artistaren lanak eta inprobisazioak eskainiko ditu hark parrokian; izan ere, organista ingelesa ezaguna da nazioartean inprobisaziorako duen trebeziagatik. Udalak azaldu duenez, gainera, Txalkor txistulari taldekoek emango dizkiote Bakerri inprobisaziorako zenbait melodia, eta organistak, herriko txistularien doinuen hariari segiz eskainiko du emanaldiaren zati bat. Kontzertua bertatik bertara ikusteko eta entzuteko sarrera doan izango dute organo zaleek.
Baker Organisten Errege Eskolako presidentea izan zen, eta 2000tik 2019ra Westminsterreko katedraleko musika maisua. Manchesterreko eta Cambridgeko Downing Collegen hezia, hainbat elizatan izan zen organista, hala nola Westminsterren, St Paul'sen eta Westminster Abbeyn. 1997an, berriz, St. Albanseko Nazioarteko Organo Lehiaketa irabazi zuen, eta harrezkero, egin zen ezaguna nazioartean. 2015ean, Downing Collegeko ohorezko kide izendatu zuten ingelesa, eta 2020an, Westminsterreko katedrala utzi zuen, eskolaren barnetegiarekin zituen desadostasunengatik.