San Joan sua piztu aurretik, dantzariak protagonista Balda plazan

Andoni Elduaien 2025ko eka. 23a, 20:33

Askotariko dantzak aurkeztu dituzte Bizkargi eskolako haurrek Balda plazan. Gaueko su festaren atariko ikuskizuna eskaini dute haiek, txistulariek eta trikitilariek lagunduta. 22:00etan piztuko dute sua Balda plazan, baina ordu laurden lehenago abiatuko da Umore Ona eta Tata elkarteetako ordezkarien danborrada plazatik.

Urteko egunik luzeena ari da izaten gaurkoa, San Joan bezperakoa. Ekainak 23 ditu, eta urtero moduan, Bizkargi eskolako dantzari txikiek Doniene dantza saioa eskaini dute arratsaldean Balda plazan. San Joan bezperako ohiko ekitaldien artean, Bizkargiko dantzariak Gaztaneneako parketik kalejiran abiatu dira Balda plazara, azken plaza horretan baitzuten jarria hitzordua. Askotariko dantzak eskaini dituzte partaide guztiek Txalkor taldeko nahiz Bizkargi eskolako txistulariek lagunduta. 

Haurren arratsaldeko ikuskizuna gauekoaren atarikoa izan da. 22:00etan piztuko dute udalak antolatutako San Joan sua plaza horretan bertan, baina horri lotutako ospakizunak lehenago hasiko dituzte. Aurten, Umore Ona eta Tata elkarteetako ordezkariek piztuko dute sua, umeen danborradak aurten 60. urteurrena bete duela eta. Danborradak biltzen ditu bi elkarte horiek, eta horregatik, danborrada egingo dute gauean. 21:45ean herriko plazatik Balda plazara arteko bidea egingo dute aurtengo umeen danborradan atera ziren zenbait haurrek, atzean Umore Onako eta Tata elkarteko lagunak dituztela. Sua piztu eta gero ere danborradako zenbait abesti joko dituzte.

Dantza eta musika ere ez da faltako suaren bueltako hitzorduan. Ohi bezala, Azkoitiko Musika Bandak eta Bizkargi eskolako banda gazteak parte hartuko dute ekitaldian, eta haien erritmora dantzatuko dute, batetik, Sahatsa dantza taldekoek, eta abestuko dute, bestetik, Iraurgi nahiz parrokiko abesbatzetakoek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide