Gutuna

Munizia polizipala

Odei Irigoien Aizpitarte 2025ko eka. 23a, 11:38

Udaltzainen su armen erabilerari buruzko honako gutun hau igorri du Odei Irigoien Aizpitartek Azkoitia Gukaren erredakziora. 

Igande goizez fresko iratzarri eta gosaltzeko ogi edo napolitana bila joatea gauza ederra da. Azkenaldian, nahiko segidan, gertatu zait hirutan, egunsentiko zazpiak eta erdi buelta horretan, Kale Nagusira joatea ogi bila eta Land Rober edo pick up moduko kotxe bat topatzea, geldi eta traban. Okindegi barrura sartu eta bi morroi, beraien uniformea soinean, beraien suzko arma aldean eta beraien erdara ezpainetan. Umorea zapuzteko lain bai. Behin dendariari galdetu nion txakur-pentsua saltzen hasi al ziren; uste dut ez zuela harrapatu. Gizartea, garai berriak, normalizazioa, bla-bla-bla... Zenbait kontu normalizatzen ari omen gara. Zenbait kontu ezin dira normalizatu. Goizean, uniforme horrekin eta armatuta, gune autogestionatuak husten, pertsonak pilotakadaz zerraldo botatzen, etxegabetzeak ostiaka egiten, kale saltzaileak jazartzen edo euskaraz zuzentzeko eskatzeagatik mozal legea aplikatzen dabilena nik ere ez dut nire aldamenean nahi, ez txosnetan ez bestela.

Total, lurralde txiki honetan geratzen diren erakunde armatu bakarrak ehiztariak eta koloretako polizia indarrak dira eta Europako polizia/pertsona ratio altuena daukagu. Beraien burua armatuta ikusi nahi zuten zenbait udaltzainek lortu dute, polizia sindikatuen bidez, epaitegien laguntzaz eta administrazio eta arduradun politikoen pasibotasunarekin EAEko aguazil guztiei pistola bana ematea. Azkoitiko merixuek edo aguazilak eskuburdin, borra eta txaleko antibalekin nahikoa ez eta, poliziatu dira pixka bat gehiago.

Hargatik, tokatu zait azken egunetan haiekin birritan jardun behar izatea, eta galdetu diet zer dela eta, ea pistolekin usoak garbitzeko kanpaina hasi duten edo zer. Lanerako beste erreminta bat baino ez dela esan zidan batek; bigarrenarekin, luzeago arituta eta ea ados zegoen galdetuta, baietzik edo ezetzik ez, baina erretolika bera: lanerako beste erreminta bat dela eta “mentalitatea zabaltzen” hasi beharko genukeela. Norbaitek esplikatuko zien, Arkautin derrigorrezko formakuntza egitean edo, laneko erremintarena. Dakidala, pistolak ez dira lan egiteko, pertsonak hiltzeko baizik. Armagintzari eta udaltzainen militarizazioari emango zaizkion milaka euroez aritu gabe, jakin nahi nuke bere jarduna justifikatzeko suzko arma bat behar duenak, bere burua errespetarazteko behar duenak, zer uste duen. Errespetua nahi duenak errespetua zor du. Eta inork pistola aldean, eta txaleko antibala soinean, gauza asko iradoki diezazkidake; errespetua, berunaren mehatxuzko pisuarekin, izatekotan. Inoiz desgraziaren bat gertatuko balitz, eta bakarren batek inor garbituko balu pistola horietako batekin, etorriko dira aitortzak, edo barkamen eskeak edo delako arduradunen azalpenak. Berandu izango da. Ni neu ez nago inoren atzerapenik barkatzeko ba.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide