Panticosan asteburua igarota, datorrenean Zarautzera joango dira mendizaleak

Ane Olaizola 2025ko eka. 23a, 09:31

Mendizaleak, asteburuan Pirinioetan. (Anaitasuna mendi bazkuna)

Pirinioetan igaro dute asteburua mendizaleek, eta Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruan, datorren larunbatean Azkoititik Zarautzera ibilaldia egingo dute. 

Anaitasuna mendi bazkunaren eskutik, herriko mendizaleek Pirinioetan igaro dute beste asteburu bat. Hasiera batean, Tebarray eta Peña Xuans mendietara igotzeko asmoa zuten mendizaleek, baina elur baldintzengatik ibilbideak aldatu behar izan dituzte azkenean, eta Panticosa inguruan (Espainia) egin dituzte ibilaldiak, "giro ederrean". Zehazki, Escuellas eta Ibones azules parajeetan ibili dira irteeran parte hartu dutenak. 

Pirinioetako asteburua igarota, datorrenean ere beste hitzordu bat izango dute mendizaleek: izan ere, Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruan, Azkoititik Zarautzera egingo dute ibilaldia. Larunbatean, 07:00etan Balda plazatik abiatuko dira, eta besteak beste, Zestoa eta Meagas zeharkatuko dituzte kostara iristeko. Han, gainera, bainu bat hartzeko aukera izango dute herrira itzuli aurretik.

34 kilometro eta erdiko ibilbidea izango da, 1.857 metroko desnibela duena. Ez dago aurrez izena eman beharrik. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide