Hitzartzeekin hasi zen atzo arratsaldean Azkoitiko Azoka Plazan Iñaki Alberdi Xakarro zenari antolatutako omenaldia. Omenduaren senideak han ziren, baina musika ekitaldiaren sustatzailea falta zen, Josu Zabala. Izan ere, sukarrarekin ezin izan zuen atzo Azkoitira joan. Hala ere, gainontzekoek aurrera egin zuten Xakarro zena gogoratzeko saioarekin.
Aurrena, Xakarro zena ekarri zuten gogora eta harekin bizitako hainbat pasarte kontatu zituzten Azoka Plazan bildutako jendearen aurrean Xakarro zenaren koinatak, Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak eta Jon Ander Larramendik. Gainera, omenaldian zeuden Xakarroren bikotekideari eta haren amari lore sorta bana eman zizkieten Larramendik eta kuadrillakoa eta Azoka Plazan ondoan lan egindakoa zuen Bittor Larrañagak.
Behin hitzartzeak bukatutakoan kontzertuak hasi ziren Azoka Plazan, Txalainak, CheckBoyz eta Hauek musika taldeek jo zuten. Agertokira igotzen aurrenak Txalainak izan ziren, eta jendeak kantuan eta dantzan jardun zuen taldearekin.