Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurraldeko eskualdeetako 11 garapen agentziek –tartean Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkartea– beren arteko lankidetza hitzarmena berritu dute gaur. Akordioa berrituta, lurraldeko "lankidetzazko gobernantza eredua sendotu eta lehiakortasuna, berrikuntza, inklusioa eta enplegagarritasunean urrats berriak egitea" dute helburu.
2017. urtetik garatu dute aldundiaren eta garapen agentzien arteko elkarlana, Etorkizuna Eraikiz programaren barruan.
Lankidetza hitzarmena sinatzeko ekitaldia foru jauregian egin dute gaur, eta bilkuraren buru Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia izan da. Hark nabarmendu du, lurraldean finkatutako lankidetza ereduarekin jarraituko dutela, modu horretan, martxan jartzeko "politika eraginkorragoak eta lurraldearen beharretara egokituak". Ekitaldi horretan, Mendozaz gainera, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuak eta Iosu Arraiz Estrategiako zuzendariak parte hartu dute.
Lurraldearen garapenerako eskualde guztien arteko elkarlana eta garapen agentzien "ekarpena, ikuspegia eta gertutasuna ezinbestekoak" direla adierazi du Mendozak. "Elkarrekin eraikitzen ari garen esperientziak erakutsi digu gai garela erronkak partekatzeko eta estrategia bateratuak gauzatzeko. Bizi ditugun garaiak ez dira errazak. Etengabeko aldaketen testuinguru batean gaude, eta horrek eskatzen digu erakunde eta herritarrok malgutasunez, azkar eta modu eraginkorrean erantzuteko gaitasuna izatea”, azpimarratu du.