Danbor hotsen artean piztuko dute astelehenean San Joan bezperako sua

Andoni Elduaien 2025ko eka. 20a, 11:58

Iazko San Joan suaren irudietako bat. (Ihintza Elustondo)

Umore Ona eta Tata elkarteek umeen danborrada egingo dute San Joan bezperan; izan ere, bi elkarteetako ordezkariek piztuko aurten Balda plazako sua. Balda plazara kalejiran joango dira aurrena, eta gero, sua apaltzean, abesti gehiago eskainiko dituzte bertan. Arratsaldean eta gauean, dantza saioak izango dira.

Etzidamu, astelehena, piztuko dituzte San Joan suak Euskal Herri luze-zabaleko herri ia gehienetan. Azkoitian ere bat baino gehiago piztuko dituzte, baina herriko eragileren bat omentzeko xedez udalak antolatu ohi duen San Joan sua Balda plazan egingo dute beste urte batez. Aurten, Azkoitiko haurren lehen danborrada egin zela 60 urte bete direla eta, danborrada horren antolatzaile lanetan ibili izan diren Umore Ona eta Tata elkarteetako kideei aitortza egingo die erakundeak.

Hain justu, bi elkarte horietako ordezkariek izango dute Baldako sua pizteko ohorea. Ohi bezala, Azkoitiko Musika Bandak eta Bizkargi eskolako banda gazteak parte hartuko dute ekitaldian, eta haien erritmora dantzatuko dute Sahatsa dantza taldekoek, eta abestuko Iraurgi nahiz parrokiko abesbatzek. Suaz gain, ordea, umeen danborrada bera ere protagonista izango da astelehen gauean.

Tata danborrada elkartekoek jakinarazi dute apirilaren 26an egin zuten umeen danborradan parte hartu zuten LH6 eta DBH2 mailen arteko umeak danborra jotzera aterako direla San Joan bezperan. 21:45ean abiatuko dute desfilea herriko plazatik Azkoitiko Musika Bandak eta Bizkargi eskolako banda gazteak lagunduta, eta handik Balda plazaraino joango dira, hainbat abesti joz; bi elkarteetako kideak izango dituzte bidelagun haurrek. Kalejiraz gain, ordea, sua apaltzen denean, danborradako abesti gehiago jotzea da bi elkarteetako ordezkarien asmoa. 

Dantzan hasi eta amaitu

Iaz, Azkoitiaren 700. urteurrenak eta Sahatsa dantza taldeak herriko bandera ofizial berriarekin egindako kalejirak eman zion ukitu berezia San Joan bezperari; aurten, danborrada doinuek hartuko dituzte kaleak. Nolanahi ere, ohiko bidetik joko du suaren bueltako festak; izan ere, arratsaldean Bizkargi eskolako dantzari txikiek Doniene saioa eskainiko dute 19:15ean hasita, Balda plazan. 19:00etan bilduko dira partaide guztiak Gaztaneneako parkean, eta kalejiran joango dira handik Balda plazaraino. Txalkor taldeko nahiz Bizkargi eskolako txistulariek eta soinu zein pandero jotzaileek girotuko dute arratsaldea han, 20:30era arte. 

Suaren azken garren artean egingo dute, azkenik, Bizkargi eskolaren XVI. Zatoz dantzara Balda plazara izeneko dantza saioa. Aitor Sorazu Bizkargi eskolako dantza irakaslearen maisuak gidatuta, askotariko dantza herrikoiak dantzatzeko aukera izango dute plazara hurbiltzen den herritar orok.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide