Sei hamarkadaz Azkoitiko umeen danborrada antolatzen aritu diren Umore Ona eta Tata elkarteek piztuko dute aurtengo San Joan bezperako sua. Urterik urte danborrada posible egin duten guztiei "eskertza eta aitortza" egingo die udalak, ekainaren 23an Balda plazako San Joan bezperako sua pizteko ohorea emanez.
Umore Ona elkartea 1940. urtean sortu zen, eta elkarteko kideek, elkartearen 25. urteurrena ospatzeko, umeen danborrada egin zuten aurrenekoz 1965. urtean. Hain justu, aurten urteurren borobila ospatu du haurren danborradak, 60. aldiz aritu baitira umeak danborrak eta barrikak astintzen. Duela hiru urte, berriz, Tata elkartea sortu zuten, Umore Ona elkarteari erreleboa hartuz.
Ospakizun urtea izanik, udalak bi elkarteak omentzeko erabakia hartu du. Hala azaldu du Igor Isuskiza Festa zinegotziak: "Festak ere lana du atzean, eta hainbeste urtez danborradari eusteak ez du meritu makala. Musu-truk egiten den boluntario lanak merezi du plazaratzea, eta horixe da aurtengo San Joan bezperan egin nahi duguna".
Udalak, era berean, umeen danborradak izan duen bilakaera ere gogorarazi du. Hainbat aldaketa izan ditu historian zehar. Esaterako, 2012. urtera arte Pazko Igandean ospatzen zen jaia, baina Aste Santuko oporraldia zela-eta, egunez aldatzea erabaki zuten antolatzaileek; 2013tik, Pazko asteko larunbatean ospatu ohi da danborrada. Udalaren arabera, aurten 280 haur inguruk parte hartu dute festan.