Atzo, osteguna, ekaineko Isilune Zirkulua egin zuten herriko plazan, Saharar herriaren eskubideak eta askatasunak aldarrikatzeko. 20:00etan elkartu ziren herriko plazan dozenaka lagun, Marokoko indar militarrek Mendebaldeko Sahara "legez kanpo inbaditu eta okupatu" zuenetik 50 urte betetzear direla gogoan. "Mende erdi. 50 urte betetzera doaz inbasioak eta horren ondoriozko giza eskubideen urraketek saharar herriaren zati handi bat bere lurra uztera eta Aljeriako basamortuan, hamadan babestera behartu zutenetik. Mende erdi basamortuko zatirik idor, bero eta gogorrenetako batean bizirauten", esanez hasi ziren.
Mendebaldeko Sahara okupatua "aire zabaleko kartzela" izateaz gain, oraindik ere "informazio-zulo beltza" dela nabarmendu zuten. "Bertako biztanle sahararrak ez ezik, lurraldera sartzen ahalegintzen diren kazetariak zein giza eskubideen defendatzaileak jazartzen eta kanporatzen dituzte. Horrek argi eta garbi erakusten du Marokoko Erregimenak baduela zer ezkutatua, eta ez dituela giza eskubideen urraketak ikusarazi nahi. Mende erdi eta gero, Saharar herriaren ahotsa ezkutatu nahi dute. Isiltasun mediatikoaren eta auzia azaleratzeko interes politiko ezaren aurka borrokatzen jarraitzen dute. 50 urtez daude errefuxiatuta, eta hirugarren belaunaldia kanpamenduetan ari da jaiotzen, erbestean. Belaunaldi berri horiek ez dute beren gurasoek edo aiton-amonek utzi behar izan zuten lurra ezagutu; baina, ondo dakite nork ukatu dien beraien lurra, nork ukatu dien askatasuna".
Era berean, azpimarratu nahi izan zuten hango egoera "ez dela larrialdi humanitarioko egoera". Honakoa azaldu zuten horren bueltan: "Laguntza humanitarioak ez du justiziarik ekarriko. Badakigu auzia politikoa dela, eta konponbideak ere hala izan behar duela. 50 urteko okupazioaren aurrean ezin ditugu begiak itxi. Nazioarteko komunitateak ezin du beste aldera begiratu; ezin dira interes politikoak eta estrategikoak giza eskubideen gainetik jarri. Elkartasunak ezin du aldizkakoa izan, 50 urte daramatzate-eta erresistentzian".
Okupaziopean mende erdi egonagatik ere, azaldu zuten duintasuna ezin dela "lapurtu". "Erresistentzia ezin da suntsitu, eta herri libre baten askatasun gogoa ezin da indarrez ebatsi". Amaitu aurretik, argi utzi nahi izan zuten Saharar herriak autodeterminaziorako eskubidea duela, eta askatasunean nahiz bakean bizitzeko eskubidea duela.