Bertso artean borobildu dute ikasturtea ikasleek

Andoni Elduaien 2025ko eka. 19a, 12:18

Gu ere bertsotan egitasmoaren barruan, ikasleak Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarrari eta Eneko Beretxinaga soraluzetarrari bertsotarako gaiak eta ariketak proposatzen aritu dira gaur goizean, Baztartxon.

Azkoitiko Xabier Munibe, Floreaga eta Bizilore ikastetxeetako dozenaka ikasle bertsotan aritu dira gaur, osteguna, Baztartxo antzokian. Gu ere bertsotan egitasmoaren ikasturte amaierako bertso saioa egin dute herriko antzokian 11:00etan hasita, eta hiru eskoletako haurrak beraiek aritu dira oholtza gainera igo diren Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarrari eta Eneko Beretxinaga soraluzetarrari bertsotarako gaiak eta ariketak jartzen.

Beste urte batez, herriko ikasleek bertsolaritza landu dute Bertsozale elkarteren eskutik ikastetxeetan. Hain justu, Irati Artetxe azkoitiarra aritu da herriko ikasleei saioak zuzentzen. LHko hirugarren zikloko ikasleak dira –LH5. eta 6. mailetakoak–, hain zuzen ere, egitasmoan parte hartu dutenak.

Duela lauzpabost urtera atera ikasleak beraiek aritzen ziren mozorrotuta kantuan, baina duela hiru urte molde berri horrekin hasi ziren jaialdia egiten. Ahozko komunikazioa lantzea, sormena bultzatzea, jendaurrean egoteko nahiz hitz egiteko oztopoak gainditzea, ideiak ordenatzen ikasten laguntzea, komunikatzaile onak sortzea, eta nola ez, bertsozaletasuna sustatzea ditu xede Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak sustatzen duen programak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide