Nolakoa izan zen Esteli kafetegia sortzeko prozesua?
DIANA MARCELA GUTIERREZ: Abenturara salto egin nahi izan dugu beti. Biok egin dugu lan ostalaritzan, eta gure zerbait sortu nahi genuen, familian denbora gehiago eman ahal izateko. Ideia bazegoen, eta ilusio handia genuen; horregatik, ideia hori nola gauzatu ikertzen eta informatzen hasi ginen.
Prozesu horretan azaldu al Iraurgi Berritzen garapen agentzia?
D.M.G.: Hala da, guk ez baikenuen behar adina baliabide horrelako inbertsio bat egiteko, eta biok bizi behar baikenuen hortik. Ekintzaileentzako finantzaketa-moduak bilatzen hasi ginen, baita aholkularitza ere, proiektuarekin hasi ahal izateko. Horrela, Iraurgi Berritzen agertu zitzaidan, formularioa bete nuen eta berehalako erantzuna jaso genuen.
JOSE ANTONIO CARRASCO: Lehenengo bileran zer nahi genuen galdetu ziguten, ideia azaldu genien eta hor hasi zen dena mugitzen. Jarraitu beharreko urratsak azaltzen dizkizute, eta pixkanaka, dena zentzua hartzen hasten da.
Zer ikasi duzue prozesu horretatik? Zer beldur edo oztopori egin behar izan diezue aurre?
J.A.C.: Asko ikasi dugu, prozesua zaila delako eta ez dakizulako ezer. Azkenean, hasiera orok bezala, hasiera horrek beldurra ematen du. Negozio bat irekitzearen atzean ezagutzen ez diren lan eta gauza asko daude, eta amaitzear zaudela dirudienean, eginbehar gehiago sortzen dira. Inoiz geldituko ez den gurpila dirudi, eta batzuetan bertigoa ematen du. Amore emateko zorian egon gara, baina tinko jarraitu dugu, eta orain martxan dagoenez, merezi izan duela esan dezakegu.
D.M.G.: Beldurrik handiena saiakeran geratzea izan dela uste dut, bidea zaila izan baita, baina lortu ahal izateko fedea izan dugu. Ahalegina handia izan da, eta emaitza, nahi baino gehiago kostatu den arren, pozgarria izan da. Esteli kafetegiak hilabete eskas darama zabalik.
Zein da orain arteko balorazioa?
J.A.C.: Goizegi da balorazioa egiteko, baina dena oso ondo doa.
D.M.G.: Herritarrengandik jaso dugun onarpena azpimarratu behar dugu, bai gurekin, bai kafetegi berriarekin. Iruzkin positibo asko jaso ditugu, eta, egia esan, oso eskertuta gaude horregatik, eta zerbitzu hobea, giro erosoa eta lasaia eskaintzera motibatzen gaitu.
J.A.C.: Esteli kafetegian lasaitasuna eskaintzen dugu, harmonian egoteko, liburu bat irakurtzeko kafe on bat hartzen duten bitartean. Hori delako gure zigilua, kafe on bat eskaintzea, eta jendeak hori aitortu digu.
D.M.G.: Gainera, barietatea eta plus bat eskaintzen ditugu, kafetegiaz gain taberna-zerbitzua ere badugulako, adibidez, zurituak.
"Esteli kafetegian lasaitasuna eskaintzen dugu, harmonian egoteko, liburu bat irakurtzeko kafe on bat hartzen duten bitartean. Hori delako gure zigilua, kafe on bat eskaintzea, eta jendeak hori aitortu digu"
Hori al da negozioak hartzea nahi duzuen bidea? Aukera zabalarena?
D.M.G.: Bai, aukera-barietatean eta eskaintza desberdinean zentratu nahi dugu. Eskaintza berriak gehitzen joango gara herriak gu ezagutu ahala, adibidez, jarduera dinamikoak edo poteoa. Ostegunetan pizzapoteoa jartzea pentsatzen ari gara, azpeitiarrek zurrutada edo zurituarekin artisau-pizza izan dezaten.
J.A.C.: Eskaintzen dugun zerbitzua ona izatea nahi dugu, etortzen den oro guregana itzul dadin. Hori da helburua.
Zeintzuk dira norberarentzat lan egitearen onurak eta eragozpenak?
J.A.C.: Negozioa zurea denean, gauza asko egin behar dira, eta gauza guztiak zuk egin behar dituzu. Arazoren bat badago, erantzukizuna zurea da. Langilea edo soldatapekoa bazara, zure lana egiten duzu, egokitzen zaizkizun orduetan, eta hilaren amaieran zure nomina duzu, gehiegi arduratu gabe. Kasu honetan, ordea, arduraduna zu zarenez, zuk ematen duzu aurpegia, eta, beraz, gauzak hobeto egiten ahalegintzen zara.
D.M.G.: Prozesu hau abiarazten dizuten zirkunstantzia asko daude, gurean, eta, batez ere, nirean, familia gozatzekoa da, eta zeure negozioa edukitzeak zure denbora kudeatzeko askatasuna eta aukera ematen dizu.
Zer aholku emango zeniokete enpresa bat sortu nahi duen pertsona bati?
D.M.G.: Egin dezala, saia dadila. Guztiaren gainetik. Pertsona batek negozio baten ideia badu, egin dezake. Ekitea ausartentzat da, eta uste dugu ideiarekin arriskatzen ez baduzu, beti geratuko zaizula saiatu ez izanaren arantzatxo hori. Zerbait ikasi badut, zenbat eta beldur handiagoa eman, orduan eta gehiago egin behar duzula da. Negozio bat hasi nahi duenak jakin dezala zaila izango dela, batzuetan gaizki pasatuko duela, baina merezi izango duela.
Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.