Marijose Arregik (Azkoitia, 1957) Carlos Muñozi (Azkoitia, 1985) pasatuko dio ikasturtearen amaieran Bizkargi musika eta dantza eskola zuzentzeko erreleboa. Prozesua nola daramaten eta eskolaren erronkak zein diren azaldu dute.
Marijose, lau hamarkada eta gero agur esan behar duzun honetan, zer sentitzen duzu?
Marijose Arregi: Oraindik ere pil-pilean dut dena. Banekien zer zetorren, baina orain dela gutxi jabetu naiz hartutako erabakiaz, publikoki kargua utziko dudala esan eta gero. Pozik nago, eta aurrera begira egin nahi ditudan gauzei buelta asko ematen ari naiz; baditut hainbat plan. Carlosekin egunero elkartzen naiz eskolan, aurrera begira eskolan bere lanak nolakoa izan beharko lukeen, edo gutxienez, nik nola ikusten dudan azaltzeko. Lasai nago zentzu horretan.
Carlos, zuk hartuko duzu Marijoseren lekukoa. Zerk bultzatu zaitu ardura hartzera?
Carlos Muñoz: Norbaitek hartu behar zuen kargua. Txikitan musika eskolan ikasitakoa naiz; uste dut 5 bat urterekin hasi nintzela. 8 urterekin flauta jotzen nuen, eta gerora hasi nintzen armonia, saxofoia edota solfeoa ikasten. Herritarra izanda, niretzat gauza garrantzitsua da eskolaren kargu egitea eta eskola aurrera eraman ahal izatea.
Marijose, zein izan dira zuzendari bezala eskolak izan dituen mugarri nagusiak?
M.A.: Musika eskolaren sorrerara joko dut, 1983ra. Aurretik, neure kontura jardun nuen lanean musikaren arloan, ez nekien taldean lan egiten. Eskola sortuta, herriari gauza desberdinak ikasteko aukera zabaldu genion. Hezkuntzaren Kalitateko Lege Organikoaren (LOCE) aldaketa iritsi arte, hainbat mugarri izan zituen eskolak. Lehen mugarritzat dut eskolak oinarrizko maila ofizialki lortu zuenekoa, eta bigarren mugarritzat, eskolari erdi mailako ofizialtasuna eman ziotenekoa. LOCE sartu zenean, eskolari guztiz eman genion buelta; beste era batera osatu behar izan genuen eskola eta beste bide bat hartzeko aukera izan genuen 1992tik aurrera.
Era berean, eraikinari lotuta, eskola Gaztaneneatik egungo egoitzara lekualdatzea garrantzitsua izan zen, bai niretzat eta bai herriarentzat, iruditzen baitzait herriak asko irabazi zuela. Oso leku onean egon ginen Gaztanenean, baina lekuz aldatu ginen, eta egungo eraikina ez da lehendik eraikita zegoen edota gerora moldatu zen gune bat; egungo eraikina musika eskola bat izateko egin eta sortu zen.
Eskualdaketa prozesuan zaudete bete-betean murgilduta.
C.M.: Duela hilabete batzuk hasi ginen aldaketaren kontuarekin. Sarri-sarri elkartzen gara, batik bat astelehenetan. Dena den, orain hasi gara astean zehar ere egun gehiagotan elkartzen. Gauza berri guztiak ikasten ari naiz. Musika eskolan urte asko daramatzat, baina bulegoetako paper kontuak ez ditut ezagutzen.
Nola egin duzue zuzendari berria izendatzeko prozesua? Zer pauso jarraitu dituzue?
M.A.: Aurtengo ikasturtean planteatu dugu benetako aldaketa eskolan. Aldaketa hori gauzatzeko, prozesu bat egin behar zen, eta prozesu horrek nolakoa izan behar duen geure arautegian dugu markatuta. Hilabeteko epea eman zitzaien eskolako irakasle guztiei beren hautagaitza aurkezteko. Carlos ordurako eskolako lantaldeko kideetako bat zen, eskolako Banda Gaztea berak zuzentzen baitu orain; Carlosek koordinatzen du, hein batean, Bizkargi eskolako Banda Gazteko kideek Azkoitiko Musika Bandara egiten duten jauzia. Prozesu guztia ondo bete zen, eta tarte horretan Carlos aurkeztu zen zuzendari izateko. Pozgarria da zuzendari aldaketa horrela egitea, lantaldeko kide guztien onespenarekin.
Musika hezkuntzak zer erronka edo zer egiteko ditu gaur egun?
C.M.: Eskolak duen erronketako bat izan daiteke herrian dauden taldeak hornitzea, bai musika banda, bai abesbatzak, bai dantza taldeak... Niretzat hori da erronka nagusia.
M.A.: Garrantzitsua da musikarako zaletasuna lantzea; eskolatik atera diren ikasleek ikusi behar dute etorkizunean parte har dezaketela herrian dauden beste zenbait taldetan. Esaterako, dantzariek Sahatsa moduko dantza talde erreferentea dute; hori hala, eskolatik ateratzen diren dantzariek badute non jarraitu. Herriko musika bandan musika tresnen abaniko zabala dago. Gu ahalegintzen gara eskolan ikasleak prestatzen, etorkizunera begira jendeak musika bandara formatuta eman dezan jauzia. Eta berdin abesbatzarekin. Iruditzen zait harrobi lana egin behar duela eskolak.
Musikak garrantzi handia du, gainera: ikerketa ugari egin dira musikak pertsonengan sortzen dituen onurak jasotzeko. Dena den, ez dakit hezkuntza orokorrean horrenbesteko garrantzia ematen zaion musikari. Hezkuntzako hainbat gunetan egotea egokitzen zait, eta askotan esaten da gazteentzat zientzia, teknologia edota medikuntza ikasketak garrantzitsuak direla etorkizunerako. Ordea, gai artistikoez –musikaz, kasurako– oso gutxi hitz egiten da halako guneetan, eta iruditzen zait garrantzitsua dela. Guk eman behar diogu bultzada musikaren hezkuntzari, arlo horri garrantzia eta egiten dugun lanari balioa emanez.
Belaunaldi aldaketa bat izango da eskolaren zuzendaritzan. Carlos, ikuspegi edo estilo berriak txertatu nahi al dituzu, edo egungoari jarraipena ematea da zure asmoa?
C.M.: Garrantzitsua da funtzionatzen duenari eustea; une honetan hori da lehentasuna. Halere, agerikoa da gizartea aldatzen ari dela, eta eskola baten nabaritu egin behar da halako aldaketen isla. Aldaketak egongo dira, baina eskolak bere ibilbide guztian egin dituen modukoak.
M.A.: Gizarteak berak eskatzen du aldatzea, azkenean.
C.M.: Eskolak orain ez du behar aldaketa handirik; egungo moduarekin ondo funtzionatzen du. Aldaketak etorriko dira, baina naturalak.
Marijose, zer gomendio emango zenioke Carlosi?
M.A.: Carlosek badaki zein den jarraitu beharreko bidea. Batetik, esango nioke irakasleen edo lankideen arteko harremana zaintzeko; oso garrantzitsua da egunerokotasunean giro onean bizitzea. Bestetik, gizartearen aldaketei edota joerei adi egoteko esango nioke. Carlos ni baino gazteagoa da, eta badakit gauza horiek guztiak ni baino hobeto menperatuko dituela. Aurrez dagoena zaintzeko nahiz indartzeko eta talde lana bultzatzeko esango nioke, oro har.