Orion elkarteko Aimar Ansola arrantzale azkoitiarrak gazteen mailako XXII. Salmonidoen Euli-Arrantzako Munduko Txapelketan parte hartuko du beste urte batez. Uztailaren 12tik 19ra bitartean jokatuko dute txapelketa AEBetan, zehazki Idaho Falls eta Snake River inguruan.
Espainiako Arrantza Federazioak hirugarren urtez jarraian deitu du Ansola munduko txapelketan lehiatzera. Munduko gazte arrantzale onenak bilduko ditu aurten ere txapelketak, arrantza lehiaketa ospetsu horretan beren gaitasunak erakutsi ditzaten.
Nazioarteko Euli Arrantzako Kirol Federazioak (FIPS‑Mouche) antolatu ohi du urtero mundu mailako lehia. Aurten, 22. aldiz antolatu dute txapelketa, eta AEBetako USAngling kirol arrantzarako erakunde nagusia izango dute bidelagun. Idaho Falls eta Snake River inguruko erreka, ibai eta urmael ospetsuak, hala nola Snake River eta Yellowstone ingurua, izango dira arrantzarako gune nagusiak.
Orion elkarteak nabarmendu du Azkoitiko herria Ansolak izango duen "abenturaren partaide" izango dela. "Udaleko Kirol sailaren laguntzarik eta babesik gabe zailagoa izango zen Ansolaren parte hartzea. Era berean, Orion elkartearen laguntza ere ezinbestekoa izan da".