'Gu ere bertsotan' egitasmoko ikasturte bukaerako saioa bihar egingo dute Baztartxon

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 18a, 15:59

Baztartxoko iazko saioaren irudi bat. (Iraia Oteiza)

Eneritz Artetxe eta Eneko Beretxinaga bertsolariek Azkoitiko ikasleek jarritako gaiei eta ariketei erantzunez egingo dute bertsotan, 11:00etatik aurrera.

Bihar, osteguna, egingo dute Baztartxo antzokian Gu ere bertsotan egitasmoaren ikasturte amaierako bertso saioa.

Amaitzear den ikasturtean ere Azkoitiko Xabier Munibe, Floreaga eta Bizilore ikastetxeetako dozenaka ikasleek landu dute bertsolaritza Bertsozale elkarteren eskutik, Irati Artetxe azkoitiarrak gidatutako saioetan. LHko hirugarren zikloko ikasleak dira –LH 5. eta 6. mailetakoak–, hain zuzen ere, egitasmoan parte hartzen dutenak.

Bihar goizean, 11:00etan, Baztartxo beteko dute ikasle horiek, bertsoak entzuteko, baina bereziki, gai jartzaile lanak egiteko. Txandaka, ikasle taldeak oholtzara igoko dira, han zain izango dituzten Eneritz Artetxe eta Eneko Beretxinaga bertsolariei kanturako gaiak eta ariketak proposatzeko. Pandemiaren aurretik ikasleak beraiek aritzen ziren kantuan Gu ere bertsotan-en ikasturte amaierako jaialdian, baina duela hiru urte molde berri horrekin hasi ziren egiten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide