Azkoitiko Isilune Zirkuluak ekaineko elkarretaratzea egingo du bihar, osteguna, herriko plazan. 20:00etan elkartuko dira herriko enparantza nagusian, eta oraingoan, Saharar herriaren eskubideak eta askatasunak aldarrikatuko dituzte.
"Marokoko indar militarrek Mendebaldeko Sahara legez kanpo inbaditu eta okupatu zuenetik 50 urte betetzera doaz. Mende erdia. Ezin ditugu begiak itxi. Nazioarteko komunitateak ezin du beste aldera begiratu; ezin dira interes politikoak eta estrategikoak giza eskubideen gainetik jarri. Elkartasunak ezin du aldizkakoa izan", azaldu dute.
Sahararrek "erresistentzian 50 urte" daramatzatela gogorarazi dute antolatzaileek. "Mende erdia daude okupaziopean, baina duintasuna ezin da lapurtu, erresistentzia ezin da suntsitu, eta herri libre baten askatasun gogoa ezin da indarrez ebatsi. Saharar herriak autodeterminaziorako eskubidea du, askatasunez eta bakean bizitzeko eskubidea du".
Isilune Zirkulukoek herritarrei dei egin diete biharko mobilizazioan parte har dezaten.