Irailetik aurrera, Lurraldebusek UK05 (Zestoa-Ermua) eta UK06 (Zumaia-Zumarraga) lineetako zerbitzua zabalduko du, "Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketako ikastetxeko ikasleak garraio publikoan iritsi ahal daitezen". Hala iragarri du gaur Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Izarraitzera egin duen bisitan. Ikasturte berriarekin, astelehenetik ostiralera, 07:00etan Ermutik irten eta 07:38rako Munibeko geltokira iritsiko da zerbitzu berria –Azpeitian eta Zestoan ez da geldituko autobus hori–; Zumaiatik 07:10ean irtengo da zerbitzu berria, eta 07:50ean amaituko du ibilbidea Altzibarren, Zumarragaruntz jarraitu gabe.
Azkoitiko Lanbide Heziketako ikastetxeak eta Azkoitiko Udalak egindako eskaerari erantzunez erabaki du aldundiak aipatutako bi autobus linea horien zerbitzua zabaltzea, eta hartutako erabakiaren gaineko xehetasunak azaldu dizkie gaurko bisitan Dominguezek Miren Otero ikastetxeko zuzendariari, Ana Azkoitia alkateari eta Iraurgi Berritzen garapen agentziaren zuzendari Begoña Beobideri, besteak beste.
Garraio publikoa bermatuz
"Linea hauek zabalduz, goizeko lehen orduan Izarraitzera garraio publikoan iritsi nahi duten pertsonen defizita estaltzen dugu. Ezinbestekoa da garraio publikoa Gipuzkoan dauden benetako beharretara egokitzea; izan ere, mundu guztiaren aukera berdintasuna bermatzeko dugun tresna nagusia da, eta adibide hau horren erakusgarri da", adierazi du Dominguezek, eta eskerrak eman dizkie Azkoitiari zein Oterori, "Gipuzkoan garraio publikoa etengabe hobetzen laguntzeagatik".
Azkoitiko alkateak eta Izarraitz LHko zuzendariak, berriz, zerbitzua hobetzea eta erakutsitako prestutasuna eskertu dizkiote diputatuari, eta garraio publikoaren eskaintza zabaltzeak izango dituen onurak azpimarratu dituzte. "Poztekoa da Mugikortasuneko departamentuak egindako ahalegina. Ordutegian egokitzapen bat eskatu genion Azahara Dominguez diputatuari, ikasleei eta langileei hobeto zetorkiena, eta hasieratik erakutsi zigun horretarako prestutasuna, eta gaur, egindako lanaren ondorio, zerbitzu zabalago bat aurkezteko moduan gaude. Udalaren izenean, gure eskertzarik beroena azaldu nahi dut", adierazi du Azkoitiak. Oterok ere "eskerrik beroenak" eman dizkio aldundiari, beren hezkuntza komunitatearen beharrei "erantzun argia" emateagatik, eta erakundeak erakutsi dituen "sentsibilitatea eta konpromisoa" goraipatu ditu, Izarraitzeko "ikasleen inklusioa eta hezkuntza berdintasuna bermatzeko pauso zehatzak" emateagatik. "Garraio publikoa hobetzeko hartutako neurri hau beste urrats garrantzitsu bat da hezkuntza irisgarri eta inklusiboago baten aldeko bidean", gaineratu du zuzendariak.