Azkoitiko Oteiza pilota elkartea Esku Pilotako Kluben Ligako finalera sartzeko atarian gelditu da. Atzo, igandea, Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan jokatu zuten Lazkaoko (Gipuzkoa) LAPKE pilota elkartekoen aurka Azkoitikoek, eta bi set eta bat galdu zuten.
Kadeteen mailan, hiru set jokatu behar izan zituzten; Julen Etxanizek eta Urtzi Segurolak galdu egin zuten aurreneko seta –4-10–, baina ondorengo biak irabazi –10-6 eta 5-2–. Ondorengo bi partidetan, baina, Lazkaoko klubak bi setetan menderatu zuen Azkoitikoa. Gazte mailan, Jon Arregik eta Imanol Bastidak 9-10 eta 2-10 galdu zuten, eta nagusietan, Jon Oteizak eta Inhar Egañak 1-10 eta 3-10.
Datorren igandean, hilak 22, jokatuko dute Esku Pilotako Kluben Ligako finala, Tolosan bertan. Lekunberriko (Nafarroa) Larraun pilota elkartekoak eta Lazkaoko LAPKEkoak arituko dira nor baino nor gehiago.