Eguraldi txarra tarteko, Plazaberrin ematekoa zen kontzertua Berdura Plazan eman behar izan zuen atzo arratsaldean Azkoitiko Musika Bandak, eta agian horrexegatik, herritar askorentzat aterpean arratsalde atsegina pasatzeko plana izan zen emanaldia bertatik bertara entzutera joatea. 19:00etan hasi, eta ordu eta erdi inguruko saioa eskaini zuen bandak, eta gozatua hartu zuten hura entzuteko hautua egin zuten dozenaka herritarrek.
Musika bai, baina bestelako osagai ugari ere izan zituen kontzertuak; izan ere, herritarrak abestiak asmatzera jolasean jarri zituzten Carlos Muñozek zuzentzen duen taldeak eta hari laguntzen aritu zen Julen Etxanizek. Musika bandak jotako zenbait abesti ere kantatuko zituen Etxanizek, herritarren laguntzarekin.