Lazkaoko (Gipuzkoa) Ikullu Racing eta Azkoitiko Errebueltie eskuderiek antolatuta, VII. Goilurrak Rallya egiten ari dira gaur. Goiz partean Urola Erdiko errepideetan ibili dira parte hartzaileak, Azkoitiko plaza ardatz hartuta.
Arriaran (Gipuzkoa) eta Matxinbenta arteko zatia egin ondoren, bitan bete behar zuten auto gidariek Madariaga eta Endoia artekoa, baina lehen pasaldia neutralizatuta egin dute. Horren ondoren iritsi dira lehen aldiz Azkoitiko plazara, eta Madariaga eta Endoia artean aurreikusitako bigarren zatiaren bukaeran elkartu dira berriro plazan. Bigarren geldialdia, eguerdi partekoa, bazkari legea egiteko baliatu dute.
Arratsaldean Goierriko errepideetan ibiliko dira autoak, Zerain eta Mutiloa artean, hain zuzen; bitan osatu beharko dute zati hori, iluntzean Lazkaon sari banaketarekin bukatu aurretik. Azken bi zatiak jokatu aurretik, Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti daude sailkapenaren buruan, Aitzol Apalantza eta Ane Zapirain bigarren, eta Ibon Otaegi eta Xabier Lizarralde hirugarren.