UEMAk batzar nagusia egingo du bihar Azkoitian

Andoni Elduaien 2025ko eka. 13a, 10:11

UEMAren beste batzar bateko irudia. (UEMA)

Iazko kontuez eta datozen lau urteetako plan estrategikoaz hitz egingo dute bihar. Era berean, Donamariako (Nafarroa), Ibarrangeluko (Bizkaia), Mundakako (Bizkaia), Mutiloako (Gipuzkoa) eta Ormaiztegiko (Gipuzkoa) udalek mankomunitateko kide izateko egindako eskaerak aztertuko dituzte.

Bihar, zapatua UEMAko kide diren udaletako ordezkariek batzar nagusia egingo dute Azkoitian, Baztartxo antzokian, 10:00etan hasita. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen 2024ko kontu orokorraz gain, 2025-2029ko plan estrategikoa ere aztergai izango dute erakundeetako kideek, besteak beste.

Ondoren, udal berriek UEMAko kide izateko egindako eskaerak aztertuko dituzte batzarkideek; izan ere, maiatzeko udal osoko bilkuretan erabaki zuten UEMArekin bat egitea Donamariako (Nafarroa), Ibarrangeluko (Bizkaia), Mundakako (Bizkaia), Mutiloako (Gipuzkoa) eta Ormaiztegiko (Gipuzkoa) udalek. Bost herri horiek gehituta, 118 udal izatera iritsiko da larunbatean UEMA. Guztien artean 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dute.

Udalerri baten euskara indizea euskararen ezagutzaren arabera kalkulatzen dute, eta horren arabera, ezagutzak gora egin duen heinean hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea ere azken urteotan, udalen kopuruari dagokionez. Duela bi urte iritsi zen mankomunitatea 100 udalen langara. Hain justu, 2023ko abenduan egin zen UEMAko kide ofizialki Azkoitia. Bi urte geroago, zapatuan, 118 udal izatera iritsiko da UEMA. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide