Zazpi proiektu aurkeztu dituzte Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxeek ZIMAT azokan

Andoni Elduaien 2025ko eka. 11a, 12:27

Guztira, zazpi proiektu aurkeztu dituzte Azkoitiko eta Azpeitiko DBH eta Batxilergo mailetako ikasleek Azkoitiko eliz atarian. Bi herrietako alkateek eta zinegotziek banan-banan bisitatu dituzte ikastetxeen postuak.

Azkoitiko Floreaga zein Azkoitia BHI ikastetxeak eta Azpeitiko Urola, Iraurgi nahiz Ikasberri ikastetxeak Urola Erdiko zazpigarren ZIMAT Zientzia eta Teknologia Azoka ari dira egiten gaur, asteazkena, Azkoitiko eliz atarian. Ikastetxetako ikasleek ikasturtean zehar landu dituzten zientzia, teknologia eta ikerketa proiektuak aurkeztu dituzte han.

Diziplinartekoak izan dira lan gehienak, baina erakutsi dituzte teknologia edota kimikako arloak soilik landutako asmoak ere. Zazpi izan dira guztia erakutsi dituzten proiektuak: Hamaiketako bidaiaria (Floreaga ikastetxea), Txanponen kolorea aldatzen (Azpeitiko Ikastola Ikasberri), Negutegi sentsorizatua (Azkoitia BHI), Eguzki sistema eta Landareen zainketa adimentsua (Iraurgi ikastetxea), STEAM ikaskuntza ereiteko hazitegia eta Robotika proiektuak (Urola BHI).

Iraurgi Berritzen garapen agentziak sustatuta egin dute azoka, eta garapen nahiz berrikuntza agentziako Enara Arozenak eskerrak eman dizkie bi udalei, hezkuntza arloen erakundeek duten konpromisoagatik; izan ere, haren arabera, Iraurgi Berritzen da hezkuntza arloan lan egiten duen garapen eta berrikuntza agentzia "bakarra".

Azkoitiko Ana Azkoitia eta Azpeitiko Nagore Alkorta alkateek hartu dute hitza segidan. Azkoitiak adierazi du, batetik, azokak bailarako bost ikastetxe batzen dituela, eta bestetik, zientzia zein teknologietan "gaitasuna" hartzeko eta gai horietara "hurbiltzeko" aukera eskaintzen duela. "Ikasgeletan eman diren diziplina ezberdinak lantzeko eta praktikan jartzeko, eta horrekin batera, talde-lana sustatzeko aukera duzue. Hemen ikasten duzuenak zuen bizitza pertsonalerako eta lan mundurako balioko dizue", azaldu du Azkoitiak. Alkortak, berriz, esan du "garrantzitsua" dela ikastetxeetan egindako lana kalean jendeari erakustea. "Halako azokekin zientziari eta teknologiari balioa ematen zaie, bai egunerokorako eta ibilbide profesionalera begira lehen erronkak hartzeko", adierazi du. 

ZIMAT egitasmoa garapen agentziak eskualdeko eragileen parte hartzea nahiz lankidetza bermatzeko artikulatzen duen IB Sareko hezkuntza arloan dago kokatuta. Bost ikastetxe horien lankidetza sustatzen duen espazioa da sarea, eta nagusiki, jarduera DBH eta Batxilergo mailetako ikasleei dago bideratuta.

Guztira, zazpi fasetan gauzatu dituzte proiektuak ikasleek. Ikasturtearen hasieran, lantaldeko bilerak egin zituzten ikastetxeen artean, asmoak partekatzeko eta urteko plangintza zehazteko. Gero, ikastetxe bakoitzak ZIMAT proiektuen garapenerako dituen beharrak ezagutzeko lan bilerak egin zituzten, eta horien ondoren hasi ziren proiektuaren exekuzioa gauzatzen.

Exekuzio fasean, aurrena, proiektuen prestakuntza landu zuten, eta tutoreen aholkuak jaso ondoren, ZIMAT diziplinen arteko harremanak eta bizipenak elkartrukatu zituzten. Proiektua exekutatu eta gero, seigarren fasean, lantaldeko bigarren bilerak egin zituzten, azokaren beharrak eta antolaketa definitzeko, eta gaur gauzatu dute azken fasea, proiektuak azokan plazaratuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide