Azkoitiko Isidro erretegiak Berriatuko (Bizkaia) XVI. Kintopeko Idi Probak irabazi ditu. Joan den zapatuan eta herenegun, astelehena, jokatu zituzten demak; Azkoitikoei herenegun egokitu zitzaien lan egitea, eta bi jardunaldietako markarik onenak ezarrita, txapela, manta eta 1.200 euroko diru-saria irabazi zituzten.
Ipiñarrieta, Bizkis eta Mendiko etxeetako idiak zapatuan aritu ziren, eta herenegun izan zen Isidro erretegiaren, Lopategiren eta Etxetxoren txanda. Ipiñarrietak larunbatean egindako 62 plazako marka zen hobetu beharrekoa. Azkoitiko uztarriak 64 plaza, bost metro eta 50 zentimetro egin zituen Berriatuan, eta hala lortu zuen dema irabaztea.
Hona hemen sailkapena:
- Isidro erretegia (Azkoitia): 64 plaza, bost metro eta 50 zentimetro.
- Ipiñarrieta (Urretxu): 62 plaza.
- Lopategi (Birle, Mungia): 60 plaza.
- Mendiko (Laudio): 51 plaza, hiru zinta, lau metro eta zortzi zentimetro.
- Etxetxo (Arroa): 51 plaza, zinta bat, metro bat eta 60 zentimetro.
- Bizkis (Errezil): 48 plaza, hiru zinta, hiru metro eta 90 zentimetro.