Agirretxeren bizitza, pastoralera eramanda

Ane Olaizola 2025ko eka. 11a, 13:00

Pastoraleko jokalariak, obra entseatzen Baztartxon. (Ane Olaizola)

Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako ikasleek pastorala sortu dute hirugarren urtez, eta aurten, Joxe Mari Agirretxeren bizitza antzeztuko dute kantuz.

Joxe Mari Agirretxeren ibilbide emankorra zalantzan jartzen duenik gutxi izango da Euskal Herrian; Porrotx pailazo maitekorra hezurmamitzen duen lasartearrak (Gipuzkoa) sudur gorria kenduta ere urratu du bidea, eta haren bizitza publikoa zein pertsonala bertsoz eta kantuz ezagutzeko aukera izango da bihar Azkoitiko Baztartxo antzokian; ez edozein modutara, gainera: izan ere, Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako LHko seigarren mailakoek Agirretxeren bizitzan oinarritutako pastorala sortu dute, eta bihar aurkeztuko dute eskolako ikasleen zein gurasoen aurrean azken hilabeteetan ondu duten lana. 

Ehun ikasle baino gehiago igoko dira bihar, 11:00etan, antzokiko oholtzara, Agirretxeren biografia kantuz antzeztera –ateak itxita izango da emanaldia–, eta haiek ez ezik, protagonistak berak ere parte hartuko du ikuskizunean; izan ere, pastoralaren sarreran, bere bizitzaren nondik norakoak plazaratuko ditu artista ezagunak. 

Xabier Munibeko kideek hirugarren urtez sortu dute Zuberoan egiten duten herri antzerkia. Aurreko aldietan, Jose Mari Iparragirreren eta Mikel Laboaren bizitzak eraman zituzten oholtzara, eta oraingo honetan, bizirik den pertsona baten bizitzaz kantatu nahi izan dutela azaldu dute antolatzaileek. Ordea, ondu duten pastorala ez da pailazoaren ibilbidera mugatuko, Agirretxeren haurtzarotik hasten baita lana, eta hark gaurdaino egin duen bidea kontatzen dute neska-mutilek. 

Pastoraleko parte hartzaileak, entseguan. (Ane Olaizola)

Dokumentazio lanerako, Agirretxeri aurrez egindako hainbat elkarrizketa ikusi dituzte, eta protagonistak berak ere parte hartu du sortze prozesuan, ikasleek aurrez aurre harekin egoteko parada izan baitute: "Ikasturtean Porrotxen bisita izan genuen, eta artistari galderak egiteko aprobetxatu genuen aukera", esan du Iñigo Gonzalezek, LH6ko irakasleetako batek. Ildo horretan, protagonistaren eskutik jaso duten erantzuna "oso ona" izan dela azpimarratu du hark: "Halako artistak zeharo okupatuta egoten direnez, pentsatzen genuen kosta egingo zitzaigula harekin hartu-emana izatea, baina justu kontrakoa izan da, oso erraza egin zaigu komunikazioa. Agirretxek oso ondo hartu du gure proiektua, eta guretzat sorpresa ederra izan da". 

Lan "aberasgarria"

Aste Santuaren ondoren hasi ohi dira Xabier Munibeko ikasleak zein irakasleak obra sortzen. Historia ikasgaian abiatzen dute proiektua, pastoralen historia ikastea izaten baita haien lehenengo lana. Behin hori eginda, obra sortzeari ekiten diote, eta ikasleak bete-betean sartzen dira egiteko horretan, haiek sortzen dituztelako abestiak zein kontakizuna. Zentzu horretan, aurtengo lana aurrekoen aldean "modernoagoa" dela azaldu du irakasleak: "Aurreko urteetan egindako pastoralak garai bateko abestiez zeuden osatuta, eta oraingo honetan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen abestiak hartu ditugu dantzarako. Gainontzean, dantza zein bertso guztiak ikasleek sortu dituzte".

Prozesuan, jantzigintzari eta komunikazioari dagozkien taldeetan banatu ohi dituzte hainbat ikasle, eta besteek liburuxka idazteko ardura izaten dute. Behin zeregin horiek eginda, beste lantalde batzuk sortu ohi dituzte, hala nola pastoraleko jokalariena, kantuarena, musikarena, dantzariena eta logistikarena. Irakasleentzat zein ikasleentzat "lan handia" eskatzen duen proiektua izanagatik, ikasketa prozesu aberasgarria ere badela deritzo Gonzalezek, ikasleek askotariko arloak lantzen dituztelako, hala nola ekintzailetza, euskara, euskal kultura eta sormena. "Gainera, hurrengo ikasturtean ikasgela desberdinak izango dituzte ikasleek, eta guztien artean lan egiten hasteko bide ematen du lanketa honek". 

Pastoralaren estreinaldiaren atarian, parte hartzaileak urduri dabiltza azken entsegu egunetan. Ehundik gora lagun igoko dira oholtzara; horietako batzuek Porrotxen lagun aski ezagunen rola jokatuko dute, baina izango dira hain ezagunak ez direnak haragiztatuko dituztenak ere: Agirretxeren irakasleak izandakoak, ama katekista, Michelin enpresan lan egiten zuen aita errezildarra... Agirretxek berak Gabonen bueltan urteroko hitzordua izaten duen Azkoitiko agertokian, hark oholtzaren bestaldetik jasoko du oraingoan bueltan urteetan umeei eta gurasoei emandakoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide