500 euroko balioa duen piruleta bana banatuko dute Azkoitiko eta Azpeitiko saltokiek datorren astean

Andoni Elduaien 2025ko eka. 11a, 09:11

Hiru erakundeetako ordezkariak, Azkoitiko eliz atarian. (Iraurgi Berritzen)

20.000 piruleta banatuko dituzte Azkoitiko eta Azpeitiko saltoki txikietan erosketak egiten dituztenen artean. Piruleta horiek guztietatik, baina, bi urre kolorekoak izango dira, 500 euroko erosketa bonuen baliokidea, alegia. Irabazleak bi herrietako dendetan erabili ahal izango du erosketa bonu hori.

Saltoki txikietan erosteak urrezko egiten zaitu lelopean, Azkoitiko Herrixen nahiz Azpeitiko Bertan merkatari elkarteek eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak eskualde ikuspegia duen egitasmoa sustatu dute beste urte batez, Jaurlaritzako Merkataritza sailak lagunduta. Ekainaren 16tik 21ra bitartean, 20.000 piruleta banatuko dituzte Azkoitiko eta Azpeitiko saltoki txikietan erosketak egiten dituzten herritarren artean.

20.000 piruleta horietatik, baina, bi bi baino ez dira izango preziatuak, gozoak; izan ere, herri bakoitzean urre koloreko piruleta bana banatuko dute merkatariek, 500 euroko erosketa bonuaren piruleta baliokidea, hain zuzen. Irabazleek erosketa bonua Azkoitiko edota Azpeitiko saltoki txikietan erosteko baliatu ahal izango dute.

Bertako herrietan kontsumitzeak duen garrantziaz sentsibilizatzen jarraitzea da kanpainak duen helburua; izan ere, saltokiak irekita egoteak, "urrea bezalako argia, bizia eta indarra" ematen diote herriei, sustatzaileen esanetan. "Sentsibilizazio kanpainak ezinbestekoak dira. Etengabe egin beharreko saiakera dira informazioak xurgatzen gaituen garai hauetan", azaldu dute. Kalean ibiltzeak, bertako erakusleihoak ikusteak eta herrian erosteak dituen onurak azpimarratu nahi dituzte aurtengo kanpainan.

Sentsibilizazio ekintza horiek bultzatzen jarraitzeko asmoa azaldu dute bai merkatari elkarteek, bai garapen agentziak. Era berean, sektorearen profesionalizazioan eraginez, egungo eta etorkizuneko kontsumitzaileak herriguneetan kontsumitzen jarraitzera animatu dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide