VII. Goilurrak Rallyaren zati bat Azkoitian egingo dute zapatuan

Andoni Elduaien 2025ko eka. 12a, 08:47

Autoak, iaz, Azkoitiko plazan bilduta. (Iraia Oteiza)

Azkoitiko Madariaga eta Zestoako Endoia auzoen artean jokatuko dituzte probaren bigarren eta laugarren zatiak. Errepide hori itxita egongo da ibilgailuentzat 08:15etik 14:00etara.

Etzi, zapatua, jokatuko dute VII. Goilurrak Rallya. Urtero moduan, Lazkao (Gipuzkoa) eta Azkoitia hartuko ditu puntu nagusitzat Ikullu Racing eta Errebueltie eskuderiek elkarrekin antolatu duten auto lasterketak. Beasaingo (Gipuzkoa) Arriaran eta Azpeitiko Matxinbenta arteko zatia egin eta gero iritsiko dira autoak Azkoitiko Madariaga eta Zestoako Endoia arteko etapa egitera; izan ere, bigarren eta laugarren etapak jokatuko dituzte tarte horretan.

Madariagatik 09:15ean aterako dira autoak aurreneko pasaldia egitera, eta amaitzean, Azkoitiko plazara zuzenduko dira parte hartzaile guztiak, han egingo baitute eguneko lehen elkartzea. Arriaran eta Matxinbenta arteko zatia bigarrenez egingo dute segidan –11:20ean abiatuko dira–, eta hura amaitutakoan, 12:05ean abiatuko dira Madariaga eta Endoia arteko zatia bigarrenez osatzera. Tarte hori egindakoan, berriro Azkoitiko plazan elkartuko dira autoak 12:45erako. Madariaga eta Endoia arteko zati horretan ere trafikoa itxiko dute gainerako ibilgailuentzat 08:15etik 14:00etara.

Bosgarren eta seigarren zatiak, azkenik, Zerain eta Mutiloa (Gipuzkoa) artean jokatuko dituzte. 18:10 alderako espero dute antolatzaileek rallya amaitzea, eta 20:00etan egingo dute sari banaketa, Lazkaon. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide