Iraurgi Berritzen garapen agentziak sustatuta, Urola Erdiko zazpigarren Zientzia eta Teknologia Azoka egingo dute bihar, asteazkena, Azkoitian. 11:00etan hasita, eskualdeko bost ikastetxetako –Azpeitiko Urola ikastola, Iraurgi ikastetxea nahiz Azpeitiko Ikastola Ikasberri eta Azkoitiko Floreaga ikastetxea zein Azkoitia BHI– ikasleek ikasturtean zehar landu dituzten zientzia, teknologia eta ikerketa proiektuak aurkeztuko dituzte herritarren aurrean.
ZIMAT egitasmoa garapen agentziak eskualdeko eragileen parte hartzea nahiz lankidetza bermatzeko artikulatzen duen IB Sareko hezkuntza arloan dago kokatuta. Bost ikastetxe horien lankidetza sustatzen duen espazioa da sare hori, eta nagusiki, jarduera DBH eta Batxilergo mailetako ikasleei dago bideratuta.
Guztira, zazpi fasetan gauzatu dituzte proiektuak ikasleek. Ikasturtearen hasieran, lantaldeko bilerak egin zituzten ikastetxeen artean, asmoak partekatzeko eta urteko plangintza zehazteko. Gero, ikastetxe bakoitzak ZIMAT proiektuen garapenerako dituen beharrak ezagutzeko lan bilerak egin zituzten, eta horien ondoren hasi ziren proiektuaren exekuzioa gauzatzen. Lehenengo eta behin, proiektuen gidaritzarako prestakuntza eman zuten eskoletan; segidan, tutoreen aholkuak jaso zituzten ikasleek; eta azkenik, ZIMAT arloetako kideen artean harremanak eta bizipenak elkartrukatu zituzten.
Proiektua exekutatu eta gero, seigarren fasean, lantaldeko bigarren bilerak egin zituzten, azokaren beharrak eta antolaketa definitzeko, eta bihar gauzatuko dute azken fasea, proiektuak azokan gizarteratuta. Iraurgi Berritzenek jakinarazi du, eguraldi ona bada eliz atarian egingo dutela azoka, baina, bestela, Elkarguneko Herriko Plazan jarriko dituzte postuak.