Duot taldea eta Mixel Etxekopar Matadeixen ariko dira zapatuan

Andoni Elduaien 2025ko eka. 12a, 09:00

Mixel Etxekopar musikaria. (Eke.eus)

19:00etan hasiko dira emanaldiak, eta eguraldiak laguntzen badu, Matadeixeren atarian eskainiko dituzte kontzertuak. Inprobisazio munduan mugitu ohi dira bai Duot taldea, bai Etxekopar.

Etzi, zapatua, zuzeneko emanaldiak izango dira Azkoitiko Matadeixen. 19.00etan hasiko dira kontzertuak, eta inprobisazio munduan nabarmentzen diren artistak izango dira protagonista: Duot taldea eta Mixel Etxekopar. 

Iberiar penintsulako egungo free jazz eta musika inprobisatuaren talde nagusietako bat da Duot taldea, Albert Cirera saxofoi jotzaileak eta Ramon Prats bateria jotzaileak osatua. Free jazzaren eta musika inprobisatuaren artean mugitzen den proposamen batekin, taldeak bere soinuaren mugak bilatzen jarraitzen du, abangoardiako eszena berriaren liderretako bat bilakatuz. Argitaratu berri duten Haiku azken lana aurkeztuko du bikoteak Matadeixen.

Mixel Etxekopar (Gotaine-lrabarne, Zuberoa, 1963), bestalde, txirula jotzailea, multi-instrumentista, kantaria eta inprobisatzailea da. Zuberoako Mendialdeko Txorien Goi Mailako Kontserbatorioko ikasle ohia da Etxekopar, eta bere jarduna estuki lotuta daga euskal kulturarekin eta euskararekin. Musika tradizionaletik hasi eta inprobisazio zein musika barrokoetaraino ailegatzen diren proiektu diskografikoak argitaratu ditu hark bere ibilbidean, eta errepertorio horretako zenbait eskainiko ditu Azkoitian.

Matadero Ekintzak taldeak jakinarazi duenez, eguraldiak laguntzen badu Matadeixe kanporan izango dira kontzertuak. Emanaldiak ikusteko sarrerak 8 euro balio du. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide