Gipuzkoako Bolari Eguna ospatu zuten joan den zapatuan, Azkoitian. Floreaga auzoko bolatokian Lehendakari saria jokatu zuten eguerdian, eta Bittor Astigarraga izan zen onena, hark jantzi zuen-eta txapela. Gipuzkoako 54. Hiru Txirlo Txapelketan aurreneko 64 postuetan sailkatutako bolariek parte hartu zuten lehian, tartean baita Floreaga taldeko kideak ere.
Ondoren, bazkaria egin zuten Joseba jatetxean, eta bazkalostean, Gipuzkoako 54. Hiru Txirlo Txapelketako sariak banatu zituzten. Jon Aransolok irabazi du aurten txapela, eta Floreaga taldeko Gorka Etxaniz azkoitiarra izan da txapeldunordea. Guztira, hogei sari banatu zituzten herenegun. Sariez gain, ordea, Floreaga bola taldeak bere taldekidea izandako Manuel Zapirain omendu zuen.
(Argazkiak: Floreagako bola taldea)