Alex Odriozola, Gorka Tafall eta Dario Elias nagusitu dira Azkoitia GXF Sustapena xake txapelketan

Julene Frantzesena 2025ko eka. 8a, 10:04

Atzo goizean jokatu zuten lehia 138 xakelari gaztek, Elkargunean. Partaide kopurua ez ezik, jokalariek erakutsitako maila azpimarratu du lehia antolatzeaz arduratu den Anaitasuna Kakute xake taldeak.

Azkoitia GXF Sustapena xake txapelketa egin zuten atzo goizean Azkoitiko Elkargunean. Jokalari eta ikusle, herritar ugari elkartu ziren han. Zehazki, Gipuzkoako 138 xakelarik parte hartu zuten lehian, hainbat mailatan banatuta.

20 urtez azpikoen mailan Alex Odriozola nagusitu zen. Harekin puntuetan berdindu zuen Markel Vesgak, baina desenpatean Odriozolak aurrea hartu zion. Hirugarren, berriz, Jose Angel Rodriguez sailkatu zen, eta maila horretako azkoitiarrik onena Ane Arriola izan zen.

14 urtez azpikoen mailan, berriz, Gorka Tafall izan zen garaile, eta haren atzetik sailkatu ziren Saul Martinez eta Iker Soria. Azkoitiarrik onena, berriz, Alaitz Hidalgo izan zen.

12 urtetik beherakoen mailan, lau lagunek berdindu zuten 4,5 puntutan, baina Dario Eliasek, Daniel Vegasek eta Hugo Rodriguezek osatu zuten podiuma. Sailkapeneko lehen azkoitiarra Erik Fernandez izan zen.

"Arrakasta itzela"

Anaitasuna Kakute xake taldea "oso gustura" agertu da atzoko txapelketak izandako arrakastarekin. Haien hitzetan horren giltza elkarteko bazkideen eta gurasoen lana izan da; izan ere, "izugarrizko" lana egin dute horiek. Halaber, aurtengo edizioan izan den parte hartzaile kopuruaz haratago, jokalariek erakutsitako maila ere azpimarratu dute elkarteko kideek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide