Gorri ala urdin, herri bat bildu da pilotaren bueltan

Julene Frantzesena 2025ko eka. 7a, 14:39

Pilotari Egunaren bederatzigarren edizioa ari dira ospatzen gaur Azkoitian. Goizean hasita, musika eta pilota izan dira protagonista. Herritar ugari atera dira kalera, kamiseta urdinak eta gorriak soinean jantzita. Festa giroa izan da nagusi, pilotaren bueltan.

Batzuk kamiseta urdinarekin, eta besteak gorriarekin, baina asko izan dira gaur pilotaren bueltako jaiarekin bat egin duten herritarrak. Pilotari Egunaren bederatzigarren edizioak hartu ditu gaur Azkoitiko kaleak. Goizean hasita, musika eta pilota izan dira protagonista, eta plaza jendez leporaino bete da eguerdi partean.

Txistularien, erraldoien eta buruhandien kalejirarekin hasi dute eguna, eta Eingo taldea ere kalez kale ibili da giroa alaitzen. Lehen pilota partida Arrietak eta Bikendik jokatu dute Berrokalen eta Aranbururen aurka, eta dozenaka lagun joan dira Kontzejupera lehia horretaz gozatzera; 25 eta 21 nagusitu dira Berrokal eta Aranburu. Gero, gizonen bi eta erdiko txapelketaren finala izan da: Iraitz Korta eta Jon Larrañaga Xomorro aritu dira nor baino nor, eta Kortarentzat izan da txapela, 22 eta 18 irabazi baitu neurketa.

Eguneko ekitaldirik hunkigarriena 13:00ak pasatuta zirela egin dute. Tapiatarren dinastia omendu du Pilotari Eguna antolatzeaz arduratzen den Txulue elkarteak. Hain zuzen ere, 60ko hamarkadan punta-puntan ibili ziren Juan Ramon eta Fernando Tapia anaia pilotariak ekarri dituzte gogora gaurko omenaldian. Azkoitiar haien oinordekoek jaso dute aitortza; agurra egin die Joxan Mendizabal dantzariak, eta lore sortak eta txapelak banatuta, Nahia Arrizabalagak bi bertso kantatu dizkie. Gainera, Fernando TapiaTapia II zenaren seme Fernandok bota du pilotakada.

Ekitalditxoa bukatuta, berriz ere pilota partida izan da protagonista Kontzejupean. Zehazki, Jon Andreuk eta Mikel Goñik Oinatz Bengoetxea Bengoetxea IV.aren eta Aitor Goenagaren kontra jokatu dute. 30 eta 20 irabazi dute Bengoetxeak eta Goenagak

Arratsaldean segitu du festak. Skapaie elektrotxarangaren kalejira, Aliron juntadizoa eta binakako finalak izan dira, 16:00etatik aurrera. Binakako emakumeen finalak 18:30ean hasi dira, eta Oihana Aranbarrik Eneritz Garatek jantzi dute txapela, Oihane Uzin eta Maialen Agirre 22 eta 9 mendean hartuta. Gero gizonen txanda izan da: Julen Garate Juin eta Asier Epelde aritu dira Markel Anduezaren zein Lander Alberdi Kaxka-ren aurka; Andueza eta Kaxka 22 eta 7 nagusitu dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide