Ikasturte bukaerako jaialdia eta Marijose Arregiri agurra, biak batean

Aitziber Arzallus

Marijose Arregi Bizkargi dantza eta musika eskolako zuzendariak erretiroa hartuko du eskolaren gidaritza Carlos Muñozen esku utzita, eta ikasturte bukaerako jaialdian egindako lana eskertu diote Arregiri. 

Bizkargi musika eta dantza eskolako ikasleek ikasturtean zehar ikasitakoa taularatzeko eguna zuten atzokoa. Baztartxo antzokia leporaino beteta zela, 19:00etan hasi zuten emanaldia, eta txandaka-txandaka, zortzi talde igo ziren oholtzara: musika tailerreko 3-4 urteko haurrak; musika tailerreko 5-6 urteko umeak; dantza tailerreko 5-6 urtekoak; konbo taldea; 7 urtekoen dantza taldea; nagusien dantza taldea; eta orkestrak, abesbatzak, trikitilariek, panderojoleek, txistulariek eta dantzariek osatutakoa. 

Egitarauan iragarri gabeko unerik ere izan zen, ordea. Izan ere, ikasturte bukaerako jaialdi soil bat izan behar zuena, Marijose Arregi eskolako zuzendariari agur esateko ekitaldi bihurtu zen bat-batean. Arregik erretiroa hartuko du eskolaren gidaritza Carlos Muñozen esku utzita, eta atzoko ekitaldia baliatu zuten Arregiri urteotan guztietan egindako lana eskertzeko.

(Argazkiak: Maialen Etxaniz eta Aitziber Arzallus)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide