Bukatu dira aurtengo Gipuzkoako Herriarteko txapelketak Azkoitiko pilotarientzat eta palistentzat. Bi lehietako itzulerako partidak atzo jokatu zituzten; eskuzko partidak etxean, Gurea pilotalekuan, eta gomazko paletakoak, Astigarragan. Azkoitiko kirolariek ez zuten lortu joaneko partidetako emaitza iraultzerik, eta ondorioz, bukatu da haien Herriartekoko ibilbidea.
Esku pilotariek atzo jokatu zituzten final laurdenetako itzulerako partidak Gurean, eta ez zuten lortu Beasaini aurre hartu eta hurrengo fasera sailkatzerik: 1 eta 2 galdu zuten.
Azkoitiko pilotariek ez zuten erraza kanporaketa iraultzea; izan ere, gazteen eta nagusien mailetako partidak galdu egin zituzten Beasainen joan zen ostiralean. Atzo ere emaitza berbera izan zen, eta beraz, Beasaingo pilotariek lortu dute finalerdietarako txartela.
Atzokoan ere kadeteen partidan nagusitu zen Azkoitia; 22 eta 7 gailendu ziren Etxaniz eta Segurola etxeko pilotariak. Dena den, gazteen neurketa 11 eta 22 galdu zuten Arregik eta Galarzak, eta 6 eta 22, berriz, Aranbarrik eta Juaristik.
Gomazko paletan antzera
Gomazko paletako txapelketako ibilbidea bukatu da, halaber, Azkoitiko pilotarientzat. Atzo jokatu zituzten itzulerako partidak Astigarragan, eta joaneko partidetan bezalaxe, 2 eta 1 galdu zuen Azkoitiak.
Lehen norgehiagoka irabazi egin zuen Epeldek, 22 eta 11. Aldiz, Azpirozek eta Larrañagak, binakako partida, 20 eta 7 galdu zuten. Lehia estua izan zen hirugarrena, zazpi koadroren barruko buruz burukoa, baina Aizpuruk ez zuen garaipena eskuratzerik lortu. 20 eta 19 bukatu zen norgehiagoka.