Erretratua

Eneko Garate: "Ez dago nahikoa baliabide minbizia tratatzeko"

Naia Arrizabalaga 2025ko eka. 28a, 08:45

Eneko Garateren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Eneko Garate ikerlaria da, eta minbiziaren aurkako immunoterapia arloko doktoretza tesia egiten ari da. Iaz Promega enpresaren lehiaketa irabazi zuen, eta datorren hilean enpresak Wisconsinen duen (AEBak) egoitzara joateko aukera izango du lan hori aurkeztera. Maiatzeko Azkoitia Guka aldizkariaren 'Erretratua' atalerako egindako erreportajea da honako hau.

Eneko Garate (Azkoitia, 1998) etxetik urrun dabil 18 urte zituenetik, Tarragonara (Katalunia) Biokimika eta Biologia Molekurraren gradu ikasketak egitera joan zenetik. Bilbon egiteko aukera ere bazegoen, baina ez zuen hara sartzeko behar besteko nota eskuratu, eta Katalunian lau urte igaro zituen, COVID-19aren itxialdi garaia barne. Gradu amaierako lana, gainera, 2020ko irailera atzeratu behar izan zuen praktikaldia Bartzelonan gauzatu ahal izateko. Hala ere, Bartzelonan praktikak gauzatzeaz gain, unibertsitate ikasketak hasi aurretik Belgikan ere aritu zen beste praktikaldi bat egiten, eta Euskal Herrian ere bai, Biodonostia ikerkuntza zentroan esklerosi anizkoitza ikertzen.

Gradua amaitu bezain laster, Ikerkuntza Biomedikoko masterrarekin buru-belarri hasi zen Garate Nafarroako Unibertsitatean, argi baitzuen minbiziaren aurkako tratamenduak ikertu nahi zituela: "Minbizi kasurik gertuan izan ez badut ere, beti sortu izan dit gaitz horrek interesa". Hori horrela, 2020an minbiziaren aurkako immunoterapia arloan doktoretza egiten hasi zen Iruñean, Nafarroako Unibertsitateko CIMA Medikuntza Ikerketa Aplikatuko Zentroan; izan ere, ikasketak ez ezik, praktikak ere atzerrian egiteko aukera ematen zion horrek. Gaur egun, Chicagoko Unibertsitateko (AEBak) laborategian hiru hilabeteko egonaldia egiten ari da, eta bere egunerokotasuna ikerketa aurreklinikoaren bueltan ardazten da. Arratoiei zelula moralak sartzen dizkiete, animaliei tumoreak sortzeko. Garateren lana tumore horiek egunez egun neurtzea da, ezarritako tratamenduak eraginik izan ote duen neurtzeko.

Erradioterapia eta immunoterapia bateratuta, bi terapia mota horien arteko "sinergia" lortzea da azkoitiarrak beste ikerlari batzuekin elkarlanean aurkeztu duen azken ikerketaren funtsa. Pertsona batek tumoreren bat baldin badu, bere gorputza tumore hori desagerrarazten saiatzen dela azaldu du ikerlariak, eta immunoterapiaren bidez gizakiaren immunitate sistema aktibatzen dela gaineratu du. Modu horretara, erradioterapiak ere sistema immunologikoari eragiten dio, zelula txarrak kanporatzen lagunduz. Hori horrela, terapia nahasketa hori entsegu klinikoetara bideratzea da Garateren lantaldearen asmoa, baina hori lortu ahal izateko hiru fase igaro behar izaten dira: lehen fasean, farmakoaren segurtasuna aztertzen da, eta bigarrengoan haren eraginkortasuna neurtzen da; hirugarrengoan, berriz, azaletik, gainetik, probatzen dute egindakoa. Hori guztia egin ahal izateko, ikerketa finantzatzeko baliabide ekonomikoak eskuratzea ezinbestekoa dela nabarmendu du.

Ikerketaren errealitatea

Ikerketarako zentroak badira Euskal Herrian; Biodonostia zein Biobizkaia, besteak beste. Hala ere, AEBetan ikerkuntzara askoz diru gehiago bideratzen dela azpimarratu du azkoitiarrak, eta lan tresna gehiago zein lan baldintza hobeak daudela ere azaldu du. Haren arabera, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ikerketara egiten duten ekarpena "handia" da Espainiako Estatuko beste erkidego batzuen aldean, baina hiru lurralde horietan ere ikerkuntzaren arloa "ezegonkorra" dela esan du, eta beraz, "ahalegin" handia eskatzen dio ikerlariari. Arlo pertsonalean, ikerkuntzak pazientzia izaten erakutsi diola adieraz du azkoitiarrak, eta jende asko ezagutzeko aukera eman diola ere bai.

Garatek egunerokotasuna minbiziaren inguruan lanean igarotzen badu ere, minbizi mota guztientzat sendagai bat eta bakarra ez dagoela nabarmendu du ikerlariak, gaixotasun oso heterogeneoa delako, eta nahiz eta dirua inbertitzen den, oraindik ere minbizia tratatu ahal izateko baliabide falta dagoela azpimarratu du: "Egunero ikusten dut minbizi kasuak ikertzeko dauden baliabideak ez direla nahikoak". 

Ekainean, AEBetara 

Promega enpresaren Wisconsineko (AEBak) egoitzan ikerketa egin ahal izateko lehiaketa irabazi du zuen Garatek iaz. Promega enpresak antolatutako nazioarteko ikertzaileentzako lehiaketa batean Espainiako Estatuko bost finalistetako bat zen azkoitiarra, eta botoei esker irabazi zuen hark. Horretarako, bere inguruko ezagunak "mobilizatu" zituela azpimarratu du azkoitiarrak: "Ingurukoei eskatu nien botoa emateko, eta Azkoitia Gukak ere argitaratu zuen bozketaren inguruko berria. Azkenean irabaztea lortu nuen, eta oso eskertuta nago nire alde botoa eman zuten guztiekin". Gogoan dauka CIMA ikerkuntza zentroko beste kide bat ere hautagaien artean zela, eta horrek ikerketa zentroaren barruan botoak bi partaideen artean sakabanatzea eragin zuela". Munduan zehar jende ugari ezagutu izanak aldeko botoak eskuratzerako orduan asko lagundu ziola uste du Garatek. 

Iazko abenduaren 6an izan zuen garaipenaren berri azkoitiarrak, laborategian bakarrik lanean ari zela. Lehiaketa irabazita, datorren hilean Promegaren Wisconsineko (AEBak) egoitzara joango da, bere tesi proiektua aurkeztera, ikerketa eta garapen departamentua ezagutzera eta hango lantaldean parte hartzera. Hain zuzen ere, han bere tesiaren proiektua aurkezteaz gain, lantegiko sail desberdinetako langileak zein ikerketarako baliagarri izango zaion jendea ezagutzea du helburu. Ildo horretan, etxetik urrun dabil azkoitiarra, baina argi dauka mundua bere horretan txikia dela, eta horren adibide jarri du Chicagoko Unibertsitateko laborategian duen lankide baten lehengusua azkoitiarra dela.

Aurrera begira ere, etorkizuna ikerkuntzaren arloan ikusten du Garatek, eta argi du doktoretza amaitu ostean zer egingo duen: "Chicagora itzuliko naiz, orain nagoen laborategi berera, eta bizpahiru urtez postdoktoretza han egitea aurreikusten dut". Horrenbestez, AEBetan bizitzen ikusten du bere burua etorkizunean ere. Gainera, ezagutzen ditu herrialde horretako beste hainbat txoko ere, aurreneko aldiz AEBetara 18 urterekin joan baitzen, Utahra, hango familia baten etxean ingelesa ikastera. Azkoitian "gustura" sentitzen bada ere, AEBetako bizimodua asko gustatzen zaiola adierazi du.

Ikerketaren esparruko ibilbideari dagokionez, tumore solidoak ikertzen jarraitu nahiko luke Garatek, sortutako terapiak hainbat tumoretan ezarri daitezkeela kontuan hartuta. Berarentzat oso aberasgarria izango litzateke egiten dutena pazienteengana iritsi ahal izatea, eta hori horrela, ikerketak tumore mota bakarrera ez mugatzeak ikerkuntza zabaltzeko aukera emango diola uste du.

Motzean: 
  • Adina: 27 urte.
  • Ikasketak: Biokimika eta Biologia Molekularreko gradua, ikerketa biomedikoan minbiziaren espezialitatea eta minbiziaren immunoterapiaz doktoretza.
  • Ikerlaria ez banintz… atleta izango nintzateke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… korrika egitea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide