Gizarte Zerbitzuek prestatutako zerbitzua da Bizipoza. Nork jo dezake hara?
Orain arte, programa 65 urtetik gorako herritarrei zegoen zuzenduta, baina ikusi dugu jende gazteagoak ere behar duela eguneko arreta zerbitzua, eta muga hori kendu egin dugu. Animatzen diren herritarrentzako da zerbitzua, baina horretarako, lehenengo Gizarte Zerbitzuetatik igaro behar dute.
Edonork parte har al dezake, beraz?
Bakarrik zein senideekin bizi direnentzako da, baina gehiago edo gutxiago, autonomoak izan behar dute, zerbitzuaren helburua baita pertsonen autonomia bultzatzea, haiek ahalik eta gehien luza dezaten etxean bizi duten sasoia. Zerbitzuaren beste helburua da adinekoek izan dezaketen bakardade sentimendua saihestea. Izan ere, asko bakarrik sentitzen dira, eta nahiz eta seme-alabak izan, maiz lagun talde bat falta izaten dute. Orduan, Bizipozan jendea ezagutzen dute, eta batzuetan, saioetatik kanpo ere geratu egiten dira. Bakardadea saihestea eta taldeko kide sentitzea oso garrantzitsuak dira haientzat, eta esaterako, norbait asteren batean ez bada saioren batera azaltzen, bere taldekideak kezkatu egiten dira hartaz, eta kalean ikusten badute, galdetu egiten diote zer moduz dagoen. Norbait zutaz arduratzea oso polita da.
Zer egiten dute saioetan?
Beti tertulia batekin hasten dugu saioa. Borobilean jartzen gara, eta bakoitzak nahi duena kontatzen du: albisteak, gertakariren bat... Gero, gimnasia edo erlaxazioa egiten dugu, saio bakoitzean txandaka. Oso garrantzitsua da adin horretan gimnasia egitea, mugikortasun eta indar asko irabazten baitute, eta fisikoki aldea nabaritzen zaie; hori gakoa da adinekoek etxean bizitzen jarrai dezaten. Handik mahaira edo arbelera joaten gara, eta memoria lantzen dugu, fitxekin, kartetan jolastuz, puzzleak eginez... Norberak gustuko duena egiten du, inor ez dugu derrigortzen ezer egitera.
Dinamizatzailea eta koordinatzailea zara zu. Zerbitzua arrakastaz gauzatzeko zer egin behar da?
Jarrera positiboa izatea ezinbestekoa da, taldekideekin alai egotea eta umore ona edukitzea. Hori asko eskertzen dute beraiek.
Eta zergatik du halako erantzun hona Bizipozak?
Azkoitiko egoera berezia da, beste herrietako eguneko arreta zerbitzuek ez dutelako halako harrerarik; herri batzuetan talde bakarra dago, 8-10 lagunez osatua. Azkoitian, ordea, guztiok egin dugu talde lan ona; ni oso gustura nago hemen lanean, eta taldekideek antzeman egiten dute hori, baina udalak ere lan oso ona egiten du jendeari jakinarazterakoan.
Erabiltzaileentzat zer da Bizipoza?
Burua argitzera etortzen dira hona. Askok diote Bizipozan aurkitu dutela beren burua; arazoak izan ditzakete, baina saioetan, hori guztia kanpoan uzten dute. Adibide bat ematearren, ilusio handia egiten die beren urtebetetze eguna ospatzeak. Oro har, familian ospatu izan dute egun hori, baina adin edo egoera berean dauden pertsonekin ez horrenbeste. Orduan, pastak eramaten dituzte, kafea egiten dugu, elkarrekin egoten gara... Horrek ere on egiten die. Norbait zerbaitez kexu denean, lagundu egiten du antzeko egoeran daudenekin denbora partekatzeak.
Bilakaerarik nabari al diezu?
Bai; umorean antzeman diet asko, askoz alaiago daude. Ikusi izan ditut taldean ia parte hartzen ez zuten pertsonak, izkina batean isil-isilik, eta orain festako nagusi dira horiek. Hori oso garrantzitsua da bakardade sentimendua hain presente dutenentzat. Horregatik, halako ekintzetan parte hartzera animatu nahiko nituzke herritarrak, denontzako onuragarriak direlako.