Bolari Eguna ospatuko dute zapatuan Floreagan

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 5a, 12:12

2022ko Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketaren Azkoitiko jardunaldiko irudi bat. (Ane Olaizola)

Lehendakari Sarirako kanporaketa jokatu ondoren bazkaria egingo dute, eta amaitu berri den Gipuzkoako 54. Hiru Txirlo Txapelketaren sariak banatuko dituzte han. Floreaga taldeko Gorka Etxaniz txapeldunordea izan da. Halaber, Manuel Zapirain omenduko dute.

Gipuzkoako Bolari Eguna Azkoitian egingo dute aurten. Joan den maiatzaren 31n Leintz-Gatzagan Gipuzkoako 54. Hiru Txirlo Txapelketaren hamargarren eta azken jardunaldia osatu ondoren, etzi, zapatua, Azkoitian elkartuko dira Gipuzkoako bolariak lurralde mailako denboraldia beren egunarekin borobiltzeko, lehia eta ospakizuna uztartuko dituen jardunaldian.

Floreagako bolatokian ekingo diote Bolari Egunari. 12:00etan hasita, Lehendakari Sarirako kanporaketa jokatuko dute han Gipuzkoako txapelketan lehen 64 postuetan sailkatu direnek.

Lehia bukatutakoan, Joseba jatetxean elkartuko dira bolariak bazkaltzeko, eta bazkalondoan banatuko dituzte Gipuzkoako 54. Hiru Txirlo Txapelketaren sariak. Floreaga taldeko Gorka Etxaniz txapeldunordea izan da sailkapen nagusian, eta hura izango da sarituetako bat zapatuan; banakakoak zein taldekakoak, guztira hogei sari banatuko dituzte Bolari Eguneko bazkarian.

Sariak banatzeko ez ezik, Floreagako taldekide izandako Manuel Zapiraini omenaldia egiteko ere baliatuko dute hitzordua.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide