Gipuzkoan xakearen garapena sustatu asmoz, zapatuan, ekainak 7, Anaitasuna GXF Sustapena xake txapelketa jokatuko dute beste urte batez, 10:00etan hasita. Elkarguneko bi gela erabiliko dituzte horretarako, eta Gipuzkoako 150 xakelari lehiatuko dira. Ohi bezala, Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatu du txapelketa, eta laguntzaile izan ditu Gros Xake Taldea, Azkoitiko Udala, Danobat, Gipuzkoako Xake Federazioa eta Sidenor, besteak beste.
Xakelariak hiru kategoriatan sailkatuko dira: 20 urte azpikoak, 14 urte azpikoak eta 12 urte azpikoak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Azkoitiko nahiz Gipuzkoa osoko jokalariek, bereziki EAEko txapelketan parte hartuko duten horiek, beren gaitasunak ezagutu ditzaten balioko du zapatuko jardunaldiak.