"Zoritxarrez, gero eta gertuago sentitzen dugu ideia atzerakoien eragin kulturala"

Maialen Etxaniz 2025ko eka. 5a, 19:00

Unai Goenaga eta Nora Unanue, Azkoitian. (Utzitakoa)

Faxismoaren aurkako jardunaldia egingo dute bihar Azkoitian. Nora Unanue eta Unai Goenaga hitzordua antolatzen aritu diren kideetako bi dira, eta azaldu dutenez, azken hilabeteetan herrian martxan jarri dituzten komite antifaxisten ondorio da bihar egingo duten jardunaldia. "Kezkaz" bizi dute egungo testuinguru soziala, eta "beharrezkoa" iruditzen zaie joera erreakzionarioei erantzuteko prestatzea. 

Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Kontseilu Sozialistak antolatuta, jardunaldi antifaxistak egingo dituzte bihar, ostirala, Azkoitiko Elkargunean, 18:00etan hasita. Bi hitzaldi prestatu dituzte biharko, baina antolatzaileek azaldu dutenez, hilabeteak dira gaia herrian lantzen hasi zirela. Nora Unanue eta Unai Goenaga Azkoitiko Mugimendu Sozialistako kideak dira, jardunaldiak antolatzen aritu direnetako bi kide, eta jakinarazi dutenez, egungo testuinguru politikoaz jabetuta, "garrantzitsutzat" dute borroka antifaxistara gero eta jende gehiago batzea.

Zer dela eta antolatu dituzue jardunaldi antifaxistak Azkoitian? Zein da jardunaldiaren helburua?

N.U.: Iruditzen zaigu gizartean gero eta onarpen handiagoa dutela eskuinerantz lerratzen diren ideiek nahiz erreakzionarioak direnek, eta gure herria ez da salbuespen bat. Ohikoa da gure tabernetan, kaleetan, lanean… ideia matxista eta arrazistak entzutea. Horregatik ikusi dugu beharrezko joera erreakzionarioak problematizatzea eta arazoari ikusgarritasuna ematea. Zentzu horretan antolatu ditugu jardunaldi antifaxistak, ideia erreakzionarioek gure herrian inolako onarpenik ez dutela mahaigaineratzeko eta aldarrikatzeko.

U.G.: Zoritxarrez, gero eta gertuago sentitzen dugu eskuineko ideien eragin kulturala gure artean, izan sare sozialen bidez, izan telebistan edo kalean. Hori horrela izanik, gure helburu nagusia da ideia horiek gure eskualdean benetan gorpuztu ez daitezen, eztabaidarako tartea eskaintzea. Uste dugu antifaxista izatea, oro har, Euskal Herrian normalizatuta dagoen tendentzia bat dela, eta, tamalez, antifaxismoa eduki politikoz hustu dela azken hamarkadan. Askotan esaten da Euskal Herrian “odol antifaxista” dugula, baina errealki egon dena faxismoa borrokatzeko grina eta konpromisoa izan da. Gure helburuetako bat konpromiso hori berreskuratzea, antifaxismoa politizatzea eta aktiboki borrokatzearen garrantzia azpimarratzea da, bai esparru ideologikoan bai kaleetan. 

Faxismoaren gorakadaz asko hitz egin du Mugimendu Sozialistak. Zergatik jardunaldia une honetan? Aurrez egin al duzue lanketarik gaia herriratzeko?

N.U.: Urte guztian zehar landu dugun gaia da, eta urtarrilean eta maiatzean nazionalki egindako mobilizazio jendetsuak dira horren adibide. Lan horien ondorio dira, azken hilabete hauetan martxan jarri ditugun komite antifaxisten hiru saioak. Interesa adierazi duen jendea gonbidatu dugu horietara, eta haiekin egin dugu lan. Lehenengo komitean, faxismoa ezaugarritu eta gaur egungo koiunturaren irakurketari buruz hausnartzeko tartea izan genuen. Bigarrengoan, aldiz, autoritarismoaren gorakada aztertzeko asmoz, Infiltrats dokumentala proiektatu genuen Baztartxon. Hirugarren eta azken saioan, egunerokotasuneko zein sare sozialetako ideia erreakzionario nahiz atzerakoiei buruz eztabaidatu ahal izan genuen. Hiru saio horietan landutakoaren ondorioak landuko ditugu jardunaldi hauetan. Horregatik antolatu dugu jardunaldia une honetan.

Zer gai edo auzi landuko dituzue ostiraleko solasaldietan?

U.G.: Bi zatitan banatu nahi izan dugu ostiraleko jardunaldia, urgentziazkoak eta agerikoenak diren bi gaietan zentratuta eta aipatutako jarreren jatorria eta zergatia azaltzeko asmoz. Lehenik, faxismoaren gorakadaren arrazoiez eta faxismoak gizarte kapitalistan bete dezakeen rolaz hitz egingo dugu. Horrekin batera, panorama geopolitikoari erreparatuko diogu: gerra inperialistaren testuingurua eta bere ezaugarritzea izango dugu hizpide, gaur egungo egoera posible egin duten faktoreak aletuta. Bigarren zatian, bestalde, ideia horiei guztiei aurre egiteko moduez jardungo dugu, eta, bereziki, ideia matxisten gorakadan sakonduko dugu. “Matxismoa ez da existitzen”, “emakumeak eta gizonak berdinak gara legearen aurrean”, “gizonak dira orain zapalduta daudenak”... horrelako ideiak inoiz baino gehiago entzuten dira gure kaleetan. Bigarren hitzaldiaren helburua da ideia horiek eztabaidatzeko gakoak ematea.

Gero eta ohikoagoa da joera faxistak daudela entzutea. Nola definitzen edo ezaugarritzen duzue zuek faxismoa?

N.U.: Gure iritziz, faxismoa krisiari aterabide autoritario bat emateko mugimendu antolatu bat da, eta, horrenbestez, esplotazio eta dominazio egiturak gogortzeko mugimendu politikoa.

U.G.: Faxismoaren fenomenoa ez da zerbait espontaneoa edo bat-batekoa. Testuinguru ekonomiko-politiko baten ondorioz sortzen den eta batik bat hedatzen den fenomenoa da. Bizitzaren garestitzea, etxebizitza duin bat eskuratzeko zailtasunak, lanpostua galtzeko beldurrak, gero eta bizi baldintza prekarioagoak izateak jendearen nekea eta haserrea eragin du, eta horren guztiaren aurrean sozialdemokraziak erantzun errealak emateko erakutsi duen gaitasun ezaren ondorio zuzena da faxismoaren gorakada. 

N:U.: Iraganeko ideiak berpizten ari dira, borroka bidez lortutako eskubideak kolokan daude. Ikusi besterik ez dago munduko agintariek duten diskurtsoa eta hartzen dituzten neurriak. Begiratu Trumpi, Meloniri, Mileiri... Bestalde, ezin dugu pentsatu urruneko zerbait denik, Euskal Herrian bertan dagoeneko entzuten baitugu diskurtso hau. Gainera, jende askok, desesperaziotik, faxismoa irtenbide posibletzat hartzen du porrot politikoaren ondorioz.

Eskualdean ere nabaritu al dituzue joera erreakzionarioak? Horrela izatekotan, nolakoak? 

N.U.: Bai, noski. Herri guztietan ari dira azaleratzen adierazpen erreakzionarioak, eta gure herria ez da salbuespena. Egia da batzuetan errazago identifikatzen ditugula jarrera bortitzagoak direnak, baina kuadrillan edo familian denok entzuten ditugu horrelakoak: “Kanpotarrek ez dute nahi lanik egin, gaur egungo gazteak alfer batzuk dira, jendea nahi duelako da pobrea, LGTB+ kolektiboa bere ideiak gehiegi ari da zabaltzen eskoletan, gure garaian..., familia baloreak galtzen ari dira, mugimendu sozialetako militanteak erradikalak dira, segurtasun faltari aurre egiteko polizia gehiago behar dira, etorkinentzat soilik daude laguntzak, okupek zure bigarren etxea hartuko dizute...". 

U.G.: Gainera, badaude ideia horiek zabaltzen dituzten taldeak, ideia erreakzionarioen adierazpen direnak, eta talde horien presentzia Euskal Herrira ez ezik, gure eskualdera iritsi da. Talde horien artean kokatzen ditugu, esaterako, Frente Obrero edo Devenir Europeo. Haien propaganda ikusi ahal izan da herriko zenbait txokotan. Ideia horiek zabaltzen dituzten adierazpen guzti-guztiei egin behar diegu aurre, eta "nola" hori ondo pentsatu beharra daukagu. 

Jardunaldia amaitzean, zer asmo dituzue?

U.G.: Gaia aurrera begira problematizatzen eta lantzen jarraituko dugu fronte desberdinetatik, bereziki garrantzitsua iruditzen zaigulako herrian ekintza antifaxistak normalizatzea, borroka antifaxistara gero eta jende gehiago batzea eta agertzen diren jarrera guztiei erantzuna ematea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide