Kanporaketa irauli beharko du Azkoitiak Herriartekoaren finalerdietara sailkatzeko

Andoni Elduaien 2025ko eka. 4a, 08:53

Mikel Aranbarri, nagusien mailako pilotaria. (Andoni Elduaien)

Azkoitiak etzi jokatuko ditu Herriartekoaren final laurdenetako itzulerako partidak; esku pilotariek etxean hartuko dute Beasain, eta gomazko palistak, Astigarragan arituko dira. Biek bi eta bat galdu zuten kanporaketaren joanekoa. 

Azkoitiko Oteiza pilota elkarteak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final laurdenetako itzulerako partidak jokatuko ditu etzi, ostirala. Joaneko partidak ez ziren nahi bezala atera azkoitiarrentzat; izan ere, bai esku pilotariek, bai gomazko palistek bi eta bat galdu zuten. Ostiralean saiatuko dira Oteizako bi taldeak aurka duten kanporaketa iraultzen.

Esku pilotariak etxean, Gurea pilotalekuan, arituko dira Beasainen aurka, 22:00etan. Joan den astean gazte eta nagusi mailetako partidak galdu zituzten Azkoitikoek, baina alde dute tantoen aldea. Kadeteen mailan lortu zuen Azkoitiak puntua, Julen Etxanizek eta Urtzi Segurolak 2-22 irabazi baitzuten. Gazte eta nagusi mailan, ordea, ezin izan zuten Oteizakoek punturik batu; gazteetan, Beasaingoek 22-14 hartu zituzten mendean Jon Arregi eta Denis Galarza, eta nagusietan, 22-11 galdu zuten Mikel Aranbarrik eta Alex Juaristik.

Finalerdietara sailkatu nahi badute, Oteizako esku pilotariek bi partida irabazi beharko dituzte gutxienez etzi, eta alde duten tantoen aldea mantendu; izan ere, joanekoan bi eta bat galdu arren, Beasainek baino tanto bat gehiago egin zuen Azkoitiak –46 tanto Beasainek eta 47 tanto Azkoitiak–. Kanporaketa "pare parean" ikusten dute Oteizakoek, eta hori hala izanda, ostiralean jendearen babesa "erabakigarria" izan daitekeela uste dute pilotariek. Pilota partidak ikustera joateko eta harmailatik bultza egiteko dei egin diete Oteizakoek herritarrei.

Palistak, Astigarragan

Gomazko palistek ondo ekin zioten joanekoari etxean, Iker Epeldek 20 eta 8 irabazi baitzuen kantxa osoan buruz buru. Dena den, binakakoan berdindu zuen lehia Astigarragak, Igor Larrañagak eta Markos Azpirozek 9-20 galdu eta gero. Jokin Aizpuruk, berriz, ezin izan zuen zazpi koadroren barruko buruz burukoa irabazi, 5-20 galdu zuen eta.

Oso zail dute palistek kanporaketa gainditzea, Astigarragan bi partida irabazi eta gaur-gaurkoz aurka duten tantoen aldea irauli beharko dute-eta Oteizakoek; Azkoitiak 34 tanto egin zituen, eta Astigarragak, 48 tanto. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide